2.
Egileak, bertsoak, izenordeak zein norena den ezagutzea: Zailtasunak.
Liburuaren
lehen zatia, Idazlez idazle, nahiko korapilatsua gertatu da, eta urrats
garrantzitsuak eman arren, arazo guztiak ez dira argitu, batez ere pertsona
eta bertso edo olerkiak zein norena den erabakitzeko orduan, bertso edo
olerkiak egilearen izenik gabe, izenordez, edo izenaren hasierako letra
hutsez, edota gaizki aipatu edo agertuak direlako, etab.
a. Bertso
eta olerkiak identifikatzea:
- "Izengabekoak".
"Izengabeko" hauen arazoa honetan datza: haietariko batzuk
edo asko ez direla izengabekoak, zenbait kasutan egile oso ezagunenak
baizik, baina argitalpenetan bakoitzaren egilea zein den adierazi gabe
datozela. Batzuetan argi ezagutu ahal izan dugu egilea; beste batzuetan,
kako artean jarri dugu ustezko egilea, edota behintzat harekin zerikusia
izan dezakeena. Baina gehienetan "izengabekotzat" utzi ditugu.
Eta bilaketa eta, agian, identifikazio-lana errazteko, letra bakoitzaren
hasieran alfabetoaren arabera jarri ditugu, ondoren egileak aipatuz,
hauek ere alfabetoaren arabera.
- Zatiak.
Batzuetan aldizkariek olerki edo bertsoak osorik agertu beharrean, haien
zatiak agertzen dizkigute, hori haiek identifikatzeko eragozpen handia
izanik, bai egileak "izengabekoak" direnean eta bai ezagunak
direnean. Egile ezagunena denean, olerki bera ongi aipatua egon daiteke,
eta gero aurki genezake olerki beraren zati bat olerki desberdina balitz
bezala, bestearen zati bat besterik ez denean... (Horrelako arazoak
konpontzea autore jakinak aztertzen ari diren ikertzaileei dagokie batez
ere, halakoetan ezinbestekoa baita ez bakarrik halako autorearen izenburua
aurrean izatea, baita testua oso-osorik izatea ere).
Zatiak direnean edo izenbururik gabeko olerkiak direnean, "[Has.]
jartzen da, olerkiaren lehenengo lerroa dela adierazteko...
- Aipamen
ez-zehatzak. Gerta daiteke, esaterako, olerki bera edo bertso bera behin
baino gehiagotan aipaturik agertzea; hau da, lan berbera lan desberdinak
izango balira bezala; olerki bera izan arren, aldizkari batzuek eta
besteek ez baitute titulu berdin-berdinez ematen. Hemen adibide ugari
jar daiteke, esaterako, Jose Maria Iparragirre...edota B. Etxepare eta
abarrekin horrelakoak gertatzen dira. Beste batzuetan, olerki nahiz
herri-kanta bera era desberdinez agertzen da, desberdinak izango balira
bezala, bat eta bera izanik. Hau, gerta daiteke olerkia agertzen den
euskalkiak hartara eraginda..., edota Hegoaldean eta Iparraldean idazteko
tradizio desberdinak daudelako...
Kontrakoa ere inoiz gertatzen da: olerki desberdinak direnak izenburu
berarekin agertzen zaizkigu; ez autore diferenteen artean soilik, honek
ez luke arazorik eman behar, baina baita autore berarengan ere; esaterako,
Sabin Muniategirengan...
b. Egileak
identifikatzea
Olerki
bat deituraz edo abizenaz sinaturik datorrenean, egilea benetan nor den
jakitea erraza izan behar lukeela dirudi, baina hala ere deitura bereko
idazleak izan ohi dira eta, batzuetan, garai berekoak; orduan, izenik
ez badator edo argi ez badator, zail izaten da egilea identifikatzea;
esaterako, horixe gerta daiteke ondorengo deitura hauek agertzen direnean:
Artola, Enbeita, Etxeita, Etxeberri (Etcheberri, Etcheberry, etab.), Etxeberria,
Etxegarai (Etchegarai, Etchegaray, etab.), Iriarte, Mitxelena, Zabaleta,
etab.
Beste batzuetan, lanak izen hutsez sinaturik datoz, esaterako, Manex (Manech),
Mikel, Pello, Piarres, etab., eta horrek, zenbaitetan, zailtasunak dakartza
identifikatzeko. Hala ere, olerki bakoitzaren azterketa sakona eginez
gero (ez da hau gure egitekoa) ziur samar jakin daiteke nor den egilea...
Horrelakoetan,
zalantzak eraginda, ez dut agertzen nor den egilea, eta zerrenda bibliografikoetan
ez da ezer ziurtatzen. Baina sarritan, nahiko argi dagoela uste izanik,
esan egiten dut nor den egilea, bere ordenan kokatuz. Hutsen bat eginez
gero edo ziurtatu nahi izanez gero, irakurleak Aldizkariz aldizkariko
sailean aurkitu ahal izango du halako aldizkarian zein izen edo deitura
edota izenordez agertzen den...
c. Izen-deituren
hasierakoak identifikatzea
Beste
arazoetariko bat bertso edo olerkiak sinatzerakoan erabiltzen diren izen-deituren
hasierakoak identifikatzean datza. Irakurleak hainbeste aurkituko ditu
horrelakoak. Idazlez idazleko atalean letra bakoitzeko zerrenda bibliografikoen
amaieran doaz.
Batzuetan,
egiaztatu ahal izan dugunez, ez dira olerkien egileenak, argitaratzen
dituztenenak baizik; esaterako, E. batzuetan ez da egilea; behin edo behin
A. Arzak da eta beste batzuetan beste egileren bat. Hasierakoaz datozen
olerki batzuen egileak jakin ahal izan dugu nortzuk diren (esaterako,
F.A. ta B. = Felipe Arrese ta Beitia; F.L. = Franzisko Lopez Alen; E.M.A.
batzuetan Eusebio Maria Azkue da; E. N. = Etxaniz, Nemesio; B.A. = Baigurako
Artzaina; H.P. = Heguitoa, Piarres; I., J.-P. = Iratchet, Jean-Pierre,
etab., etab.); beste batzuetan, identifikatzera joz gero, huts egiteko
arrisku handia zegoela oharturik, hasierakoaz utzi ditugu, zeuden-zeudenean...
d. Izenordeen
identifikazioa
Baina
identifikatzean arazorik handiena ekarri diguna izenordeena izan da. Eta
bakoitza zein autoreri dagokion argitzeko ahaleginak egin arren, asko
dago oraindik argitzeko, bereziki autore hain ezagunak ez direnenean...
Berez
ere izenordeak identifikatzea zail bada, oraindik zailago bihurtzen da
izenorde bera batek baino gehiagok darabiltenean; horixe gerta daiteke,
esaterako, izenorde hauek datozenean: Uxola, Zaldubi (Zalduby), Donosti,
Lexo, Xalbador (I, II), etab. Beste batzuetan, aldizkariak zehatzak ez
direlako, izen edo izenorde desberdinak gurutzatu eta nahastatu egin ohi
dira; esaterako, Bordatxuri (Bordaxuri).
Argitaraturik
daude identifikatutako izenordeen zerrenda batzuk (ikus J. SAN MARTIN,
Euskal idazleen izenordeak, escritores euskéricos katalogoaren
arabera, Egan, 1989, 45-57; J. URKIZA, Euskal idazleen izenordeak, Karmel
1992-1, 27-41), eta guk geuk ere euskal idazleen izenordeen zerrenda osoagoa
daukagu prestaturik; hala ere, hemen bertso eta olerkien egileei dagozkien
izenordeak axola zaizkigu soilik. Hain zuzen ere, hauen zerrenda jartzen
dugu ondorengo lerroetan, horien azpian nor dagoen adieraziz...
|