1.
Edukia eta estadistika.
Idazle
batzuen lanei buruz egindako hainbat ikerketatan, behin eta berriro ibili
izan naiz hainbeste liburutegi eta aldizkari aztertzen... Horrela, material
bibliografikoak bilduko dituen oinarrizko lan zehatz eta zabal baten beharra
somatu nuen, tresna hori ehunka ikerketari eta azterletzat oso baliagarri
izango bailitzateke, denbora eta diru asko aurreztuz eta haien osasunaren
mesederako...
Eta
euskal literaturako lan batzuk egiteko asmotan ari nintzela, bereziki
olerkarien lan batzuk aztertzeko asmotan, oinarrizko lan hori egitea erabaki
nuen. Halaxe bildu nituen XIX. eta XX. mendeetako aldizkari eta egunkarietan
dauden euskarazko bertso eta olerkiei buruzko datu bibliografikoak, 1990era
arte, hau ere barrru dela. Lana nahiko oso eta zehatza da.
Bildutako
materiala euskarazko, gaztelaniazko eta frantsesezko 450 aldizkaritan
datorrena da, gutxi gorabehera... Askoz gehiago ere aztertu ditugu, baina
gainerako horietan ez dugu euskarazko bertsorik ez olerkirik aurkitu.
46.000
titulu inguru bildu dira. Bai idazleak eta bai aldizkariak, Araba, Bizkaia,
Gipuzkoa, Nafarroa, Iparraldeko hiru herrialdetakoak eta beste herrialde
eta nazio batzuetakoak dira...
Material
hau biltzeko erabili den metodoa honako hau izan da: liburutegi nagusietan
zehar ibili naiz. Lehenengo karmeldarren komentuetakoak aztertu nituen;
ondoren, zehatz-mehatz eta goitik behera arakatu nituen Labayru Biblioteka
(Derio), Gipuzkoako Diputaziokoa (gerora "Koldo Mitxelena"ra
eramana), Lazkaoko Beneditarrena, Bizkaiko Diputaziokoa, Azkue Biblioteka
(Euskaltzaindikoa), Baionako Udal Biblioteka, Baionako Mussée Basque-koa
(hau amaitu gabe utzia, biblioteka lekuz aldatu zutelako), etab.
Gero, liburutegi bakoitzean aldizkariak sistematikoki ikusten nituen,
A-tik hasi eta Z-n amaiturik. Liburutegi baten falta zena besteetan aurkitutakoarekin
osatu ohi nuen. Dena dela, ahalegin handi hori gorabehera, aldizkari batzuk
osatu gabe gelditzen dira; Euskal Herriko liburutegi guztietako aldizkariak
bat eginda ere, haietariko batzuk beti osatu gabe geldituko bailirateke.
Honekin argi ikusten da zein zaila den aldizkari bakoitzeko material bibliografiko
oso-osoa ematea.
Material
bibliografikoa bi zatitan sailkatu dut:
a) Idazlez
idale sailkatzen da alfabetoaren arabera; egile bakoitzaren bertso eta
olerki-lana ere alfabetoaren arabera azaltzen da, lan bakoitza errazago
aurkitu ahal izateko.
b) Bigarren
zatian (Aldizkariz aldizkari), aldizkari bakoitzaren produkzioa dator,
aldizkariak alfabetoaren arabera agerturik; eta aldizkari bakoitzean,
egileak eta hauen lanak kronologiaren arabera datoz.
Liburu
honen bi atalak elkarren osagarri direla izan behar da gogoan: Aldizkariz
aldizkari egindako transkripzio bibliografiko zehatza alde batetik, eta
Idazlez idale egindako interpretaziozko eta praktikazko lana bestetik.
Idazlez idazle deritzon sailean, sarritan, gauzak argi daudenean batez
ere, ez dugu olerki edo bertsoaren izenburua errepikatzen, izenburuaren
ondoan olerkia edo bertsoa non dagoen errepikaturik adierazi baizik; horrela
erraz ikus dezakegu zein olerkari edo zein olerki izan diren argitaratuenak
aldizkarietan, historian zehar; honela, esaterako, Z. Andonegi hartzen
badugu, (Aitorren izkuntz zarra, 16 bider argitaratua da), S. Arana-Gori
(Eusko-Abendaren Ereserkia, 25 bider inguru), G. Aresti (Nire aitaren
etxea, 19 bider gutxi gorabehera), F. Arrese Beitia (Arbola bat, 11 bider;
Ama euskeriari, 20 bider inguru; Aritzari, 17 bider inguru), J.-B. Elizanburu
(Nere etchea, 25 bider; Ikusten duzu goizean, 23 bider gutxi gorabehera),
J.M. Iparragirre (Gernikako arbola, 45 bider gutxi gorabehera), Txirrita
(Milla zortzireun irurogeita, 10 bider), E. Urkiaga "Lauaxeta"
(Amayur gaztelu baltza, 10 bider baino gehiagotan), etab., edota egile
ezagunik gabeak, esaterako, "Ator mutil etxera" (40 bider gutxi
gorabehera)... Ageri denez, batzuetan sentimendu sozio-politikoak, beste
batzuetan sentimendu herritarrak urteko garai batzuei loturik, egiten
du olerki batzuk beste batzuk baino sarriago argitaratu izatea...
Aipamenei
dagokienez, aldizkarietako izenburuen era laburtua hautatu dut... Baina
egunkari eta aldizkari batzuetan, zenbakietan oker handiak daudela ohartzen
gara; horrelakoetan, argitalpenaren zenbakiaz gainera, eguna eta hilabetea
adierazten dugu, zenbaki eta argitalpen bereko beste batetik bereizteko.
Arazorik handienetarikoak Euzkadi egunkarian ditugu: hemen hutsak ugari
eta larriak dira, bibliografia osatzeko batez ere; aldizkari eta egunkariak
ez baititut aipatzen agertzen diren hil eta egunaren arabera, aldizkari
edo egunkariaren zenbakiari dagokionez baizik. Euzkadi egunkaria, hainbeste
olerki eta bertso dituena, zenbakietan hutsez josia dago, eta arazoa are
larriago da, hutsak ondorengo egun eta hiletan ere errepikatzen baitira:
esaterako, 1917. urtean 1439. zenbakitik 1550.era doa, 1518.etik 1591.era,
1710.etik 1702.era, 1979.etik 1910.era; 1925. urtean 4290. zenbakitik
4280.era pasatzen da; 1926. urtean 4350. zenbakitik 4340.era doa, 4390.etik
4310.era; 1930. urtean 5543.etik 5525.era; 1931. urtean 5864. zenbakitik
5896.era, 5899.etik 5879.era; 1932. urtean 6013. zenbakitik 6031.era doa,
613.etik 6153.era, 6210.etik 6021.era; 1934. urtean 6619. zenbakitik 6610.era,
etab. Beste batzuetan, zenbait aldizkarik ez dute agertu ziren urtea ere
jartzen; Hats, Sustraia etab. eman daitezke adibidetzat..
|