Bertso berriak Zaragiari jarriak
Gaur Uztailak hemeretzi
festa giroari eutsi.
San Kristobalak ez ote dute
beste hainbeste merezi,
Jon Aurrek eta Trino Azkoitik
lau haizetara goraintzi.
Edan dutela nabari
mozkorra dabil ugari.
Batzuek fuerte ekin diote
zaragitik edanari,
ez dio inork baketan uzten
debaldekoa denari.
Egingo nuke apustu
esandakoak sinestu.
Zaragi hori hartuko nuke
bi esku hauekin estu
eta arnasa behin buelta gabe
ardo dena baietz hustu.
***
Aipagarria dugu benetan
garai bateko ohitura
Foruko gazte hauei eskerrak
oraindik bizi da hura.
Mutil gazteek guztientzako
zaragi-ardoz ingura;
aste betean garbitzeko're
ez zuten probatzen ura.
Edan nahi dunak edan bezala
lehenego artikulua
aste beteko egina dago
zaragian kalkulua.
Debalde denez ona dagola
hala da errezelua,
Bizkaia denak hartu dezala
Herri honen ejenplua.
Traidorea ere batzutan
ba dugu zaragi hori
trago gehiegik kalte galanta
egiten dio askori.
Etxerakoan barrua larri
hankak zuzen ezin mogi
bat baino gehio geldituko da
bide ertzen baten grogi.
***
Zaragaitik ardoa
pitxarrez atera
gazte jendea dator
zerbait edatera.
Gazte jendea dator
zerbait edatera
zaragitik ardoa
pitxarrez atera.
Zaragia begira
arduratan nago
kanpotik beltza zara
barrutik beltzago.
Kanpotik... (bis)
Ardoak jartzen ditu
gazteak balantzan
larogei urtekoak
aurreskua dantzan.
Larogei... (bis)
Gaur itoko ditugu
hamaika egarri
nahiz ta etxera eraman
mutur dena gorri.
Nahiz ta... (bis)
Nondik etorri zaigu
hainbat ardozale
zaragia non dago
egin dute galde.
Zaragia... (bis)
Galdezka etorri dira
ardoa balego
hiru praile zahar eta
beste hiru lego.
Hiru praile... (bis)
Honelatsu zetorren
gaurko epistola
zaragiko ardoa
kristoren odola.
Zaragiko... (bis)
Berehala hutsitu
dira sakristiak
zaragiaren bueltan
beata guztiak.
Zaragiaren... (bis)
Tabernarientzako
negozio ona
asetzen omen dute
egarri dagona.
Asetzen... (bis)
Aintzinako ohiturak
nola alda diran
neska guztiak dabiltz
zaragian jiran.
Neska guztiak... (bis)
Iņazi neska zaharrak
hauxe esan dio:
"Zenbat maite zaitudan
nire Antonio".
"Zenbat maite... (bis)
Ardoaren gakoa
honetantxe dago
hankak arinak eta
burua arinago.
Hankak arinak... (bis)
Pentsa baino lehenago
hustea liteke
orduan zaragia
kubalibrez bete.
Orduan zaragia... (bis)
Eskerrik asko eta
denori adio
hemen esandakorik
ez hartu serio.
Hemen esandakorik... (bis)
***
Gaur bildu dira toki berean
langile eta alperrak
ardo beltzaren usainetara
etorri dira bezterrak.
Egarri denak ito
tragua jota kito
joan zaizkigu negarrak
tristura denak uxatu dira
zaragiari eskerrak.
Zaragi beltza zertarako den
guk behitzat hauxe diogu
gehiegi edaten baldin bada
ez gara hortan fio gu.
Berriz pitxarra bete
ezin naiz egon tente
buruan hainbat lio du;
barruko dena hustu ezkero
dantzarako balio du.
Ardo beltzaren ohitura zaharrak
beste berdinik ba al du?
Zaragi horrek duen dizdira
inoiz ez bedi itzaldu.
Gure zaharren haria
Foruko zaragia
ez dadila gero galdu
ohitura horri jarraitu eta
Bizkai osoan zabaldu.
***
Txurrutaren ondoren
zer zendun espero
mozkortu egiten da
edan ezkero.
Asko ibiltzen dira
honela astero
ezin dira ezkondu
hor daude soltero
begi biak ero
neskatara gero
berbarako zero
tabernen bezero,
kanpotik fresko baina
barrutik bero.
Euskal Herri honetan
ezagun da mahatsa
hego partea dugu
lur aberatsa.
Kolorez ezberdina
zuri eta beltza
gozoa izaten da
fruitu honen saltsa
lurreko legatza
buruak batantza
barruak gorantza
gakoa hor datza,
honela egiten da
zaragi dantza.