Bertso berriak biok jarria
Aurre, Jon
Kantuz ari zait txoria
ba daki nire noria
txorrotxioka borobiltzen dit
bere melodia.
Sentimenaren ogia
garia bezain horia
atera bedi barruko nire
burdina garia.
Ai! Txantxangorri maitea
hau da nire konbitea
irudigintzan arratsaldeon
biok ekitea:
Hitza iltze egitea
zulatzeko mendipea
noraino doan, nondik datorren
gure izaitea.
Udazkenak hainbat fruitu
intxaur, sagar eta piku
eguzkiaren eragin berak
heldu izan ditu.
Nire hitz hauek aditu
egin behar erditu
berdinak izan gintezke biok
hegalak banitu.
Nik ez zintuzket nahi izu
zuk hori orado dakizu
ziren bezala ez naizelako
gogoan dut pisu.
Gizonak gizonari su
bata bestearen maisu
penaren penaz ezin ulertuz
negarra darizu.
Goiztar dator eguzkia
ihintzak dena du bustia
urrezurizko bilakatu da
belartza guztia.
Kanta zeure abestia
arren tristura ez pia
erlea banintz zeuretzat nuke
ordainez eztia.
Bizi beharra dut zama
entzun aita eta ama
Udaberriro kukutzarrari
derrigor emana.
Penak kantura narama
Txantxangorriaren drama
hau esateko non zaude nire
maite beltzarana.
Hire kantu nabaria
Udaberriz ugaria
txin txan hotsean ari haiz nola
txalapartaria.
Trebe lanea aria
kukuarentzat habia
heure kateek preso haukaten
errementaria.
Gauez alairu zakurrak
barrutik jo du beldurrak
eskopetarik ez den etxera
egunez lapurrak.
Txoritxo honen hezurrak
ez dira pago-egurrak
loditzen badu eramango nau
aurtengo elurrak.