Bidasoa
Atxotegi, Urko
1
Pirineoko goi mendietan
Elur guztien artean
Bertan sortzen naiz bide luzeak
Dauzkadalarik aurrean.
Hasieran txikia,
Gero berriz haundia,
Arrainak dauzkat barnean
Bidasoa dut izena eta
Nator hau esan nahiean:
2
Elizondotik Doneztebera
Eta ondoren Sunbilla
Beso zabalik Hendaiararte
Kantaurikoaren billa;
Ama daukat elurra,
Aita Baztango lurra,
Izadiaren gurpilla,
Hegaletatik entzuten ditut
Haizea eta ezkilla.
3
Orain duela urte ugari,
Ur gardena nuenean,
Lamin ederrak jostatzen ziren
Plisti plast neure gainean,
Bainan gertatzen dena,
Zuengatik da dena,
Nabil zikinen artean;
Zakar-ontzirik ez al duzute
Nahikoa zuen etxean.
4
Len baso haundi eta ederrak
Nire bideen ertzean,
Orain milaka fabrika haundi
Daukat alde bakoitzean,
Ta beraien zikinak
Ez dira atseginak
Eukitzea gorputzean,
Oso pozikan geldituko naiz
Garbigailuak jartzean.
5
Garai batean arrain ugarik
Bizilekutzat ninduten,
Gaur egun berriz erdi husturik
Dut nik sabela aurkitzen,
Ta horren arrazoia,
Gizarte erraldoia,
Dena ari dena jaten,
ikasi behar lukete behingoz
Ondo arrantza egiten.
6
Arrantza asko egin duzute
Berdin egun edo gauez,
Aurkitutako fruitu guziak
Etxeruntza eramanez,
lan dadin heldua,
Edo ume-sortua,
Garai onean edo ez;
Mementu hontan gutxi baditut,
Aurrerantzean baterez.
7
Mingain ustelak mintzatzen dira
Ni naizela banatzaile,
Margotuz dute nire gorputza
Zango, buru eta ile,
Kartetan jarri naute
Frantzi-Espain bitarte
Ta hoiek nire hiltzaile,
Ni naizenean Euskal Herriko
Lotura denen egilea.
8
Uniformezko soldadu anitz
Ikusi ditut hurbildik,
Baita gudari zonbaitzuk ere
Bala etsaiak erahilik,
Euskaldunen asmoa
Baita nire gogoa
Da jarraitzea bizirik
Eragozpenak izanik ere
Badut nik itxaropenik.
9
Orain oihu bat bota nahi nuke
Ur-hegitiar denentzat
Borroka bat bideratua da
Ta ez inor gelditu at.
Lapurdi, Nafarroa
Ta baita Gipuzkoa,
Hau, probintzi guzientzat:
Ez ditut bi nazio banatzen,
Elkartu baizik Herri bat.