Bertso berrien oihartzun hotsa
Attona
Bertso berrien oihartzun hotsa
entzuteko ez naiz gorra
a ze zirrara sentitu dudan
goxoa eta jatorra
bide hontatik bidaltzen diok
ehiztariari "zigorra"
zer moduz daukak moko luxia
"sevillatar" oilagorra?
Ehiztari bezala gaur natxiok
zertxobait jeisten hasia
astakeriak egiteko-re
denbora zeukat pasia
hire askatasunarengandik
ba zeukat zer ikasia
biok batera bila dezagun
beste moduko bizia.
Lehengo denboran izan nintzaden
hire atzetikan saia
nik eskupeta nendukalarik
eta xakurrak usaia
hola ibiltzeak etzidan utzi
neri barrena lasaia
Izadiak sortu gintuen da
hi haut benetan anaia.
Oihan eta basoa zeuzkagu
etxea eta ondare
hitzat garoa eta neretzat
basarritxoa badare
tarteka begi bixtan jar ezak
moko luxia dotore
nere baratzan bazegok hitzat
nahiko har eta txitxare.
Udazkenean etortzen haiz ta
gertu duk elur zakarra
hark arrixkuan jartzen dik sarri
daukaken bizi bakarra
xakurra zeukat marroi pikarta
hire antzera azkarra
bere ondoan sentituko duk
bero goxoan zirrara.
Ehiztari, xakur ta oilagorra
etsai izaki gaurdaino
geure artean soilik izan da
eraso, ekaitz ta laino
Ze arraiotan gabiltz, erotu
al gara edo ze koņo?
moko luxia bizi-bizirik
nahio haut kaxuelan baino.
Aizak, orain gainean zeuzkagu
beste "ehiztari" klasiak
kolore ugari zeduzkatek
edo denak nahasiak
eta ezertxo baino lehen bota
behar dittugu guziak
betiko izan artean Euskal
Basoetan nagusiak.
Ondo entzunak dittuk laguna
hire hitz sakon gartsuak
herriratzeko diok utzirik
lur legor ta sakartsuak
joango nauk baina asmoak zeuzkat
hirekiko baketsuak
Baso Askatuan entzuteko
oilagor xaharran bertsuak.