Txakur gaxoa!
Artaño Donosti
-1-
Nere lagun arturik
txakur bat otxana,
egun-senti orduko
ateratzen dana.
Askotan gosaria
gau arteko jana,
aldapan erorika
aulduta etzana,
neke sari gabea
eiztarian lana.
-2-
Txosnan jarrita lasai
usotako eiza,
ezta neretzat ona;
aspertzen naiz aixa.
Neguan biotzeko
elur ta ekaitza;
ollagorren atzetik
ero baten gixa,
txakur txintxua ta ni
goizero gabiltza.
-3-
Egun,sentiroan det
baztertxo batean,
gelaren ondoan zai
ni jeiki artean.
Luze iritziz, rast rast!
aurreko atean,
bere lenen agurra
neri ematean,
aurretik saltaka, alai,
jeixten da pakean.
-4-
Ogi puska bat janda
aurrean begira,
eskupeta artutzean
gaxoan mugira.
Burua luzatuko
zuan txitxarrira,
ni prestatu bitarte
iru-lau bat jira,
egiten zitun aixa
pozez, atarira.
-5-
Erreka, mendi, txara,
txoko ta kaskuan,
astinduaz Txintxarri
txikia lepuan.
Enbarazurik bazan
zebillen lekuan,
errez aidatzen zitun
guziak saltuan,
etzan geratuko au
berealakuan.
-6-
Txintxarria ixilik;
txistu nion egin,
buruari eragin,
txintxarriak tintin.
Billatzen nueneko
gaxoak maite-min,
lekua erakutsiz
bere besoakin,
nun zegon esan nai-ta
izketan ez jakin!
-7-
Ikusi nairik geldi,
an nenbilen bueltan,
adi, neri begira
txakurra kezketan.
Tiratzen nionean
iltzen banun bertan,
nigana bere ura
arturik ortzetan,
alaKo atseginik
etzeukan ezertan.
-8-
Txara itxuan berriz
ez egin kasorik,
arkitzen nuan arte
leku erosorik.
Bidaliko zidan nik
txistu me bat jorik,
eiza, zugatz ganera
ezin igarorik,
zer nai nun asmatzeko
etzan alakorik.
-9-
Iltzen ez gendunean,
gordetzen zaneko,
etzeukan zaputz txarrik
berriro asteKo.
Malda zarretan gora
nun zan billatzeKo,
nere bildurrik gabe
zuna emateko,
orrain txakur txintxoa
nork eztu maiteko?
-10-
Arrats arte jan gabe,
aren auleria!
urrengo egunean
etzegon nagia.
Egun-senti baño len
atean jarria;
biontzat nekea ta
neretzat saria,
txakurrak asko maite
baitu eiztaria.
-11-
Iñora noanean
agurtzen azkena,
etxerakoan berriz
bidera lenena.
Nere aldamenean
aren zoramena!
Eskuak milixkatuz,
eman nairik dena,
eiztari batentzako
lagunik onena.
-12-
Illun urratzez beti
laisterka ta jausi,
barrutitan barrena
zaunkaz, zer ikusi.
Orrela esan nairik:
«nere kontu utzi,
zainduko ditut ondo,
lo egin, nagusi»,
bere leialtasuna
nola erakutsi!
-13-
Amabost eguneko
lanari agurra
eginda, jo nuan bein
Belate'ko lurra.
Nere atsegin danak
ondoren makurra,
bidean topaturik
kamioi maltzurra,
prille bizartsu batek
il zidan txakurra.
-14-
Bertan illa utzita,
aurrera, jakiña,
ajola aundi gabe
txakur-arakiña.
Zuloan bera bota
bere ondakiña,
geroztik ezin aztu;
ain zan txakur piña,
arek ni ainbat alkar
maiteko bagiña!
|