Ixil ixilik nabaitutzen da
Arruarte
-1-
Ixil ixilik nabaitutzen da
asarre zegon ibaia,
ixilik dago negu beltzeko
aize otz, beldurgarria.
Txoriak pozez salatu dute
egun sentiko garaia,
urrutitikan entzuten dala
beren abesti alaia.
-2-
Eguzkiaren dizdiztasunak
iges darama illuna,
izarrak ere galetsi dute
zeru urdin da leguna.
Gabeko intzak atsegindurik
aurreko giro biguna,
biotz barrura pozgarri dator
udaberriko eguna.
-3-
Negu gogorra igaro dute
belardi ta zugaztiak,
baita zulotik atera gabe
egondu diran piztiak.
Eultzeko erle gaxoa ere
aituta dago eztiak,
udaberriak salbatu ditu
larri zai zeuzkan guztiak.
-4-
Pozez dabiltza osto tartean
txoritxo egalariak,
poztu zaizkigu lore ederrez
apaindurikan zelaiak.
Alaitu dira elur azpian
egondutako mendiak,
alde guztiak atsegindurik
or dauzka udaberriak.
-5-
Begira ondo, nola dabiltzan,
etenik gabe lanean,
aurrezki kutxen ixpillu diran
txingurrian da erlean.
Sobratzen zaizten janak pillatzen
gogor udara danean,
erakutsiaz nola jango dan
egiterik eztanean.
-6-
Ta mitirrika, udaberrian,
azaldu zera ostera,
garbitasun da umildadea
munduan erakustera.
Erronkik eta gorrotu gabe
or zabiltzana zu zera,
txuriz jantzita ega motxean
lore batetik bestera.
-7-
Atzerritikan sartu zaizkigun
kuku ta eliz txoriak,
eta bertako nagusi diran
txepetx ta tantangorriak;
ega motxean txoratzen dabiltz
itxi gabetan begiak,
Jaungoikoaren laguntzarekin
moldatzen beren kabiak.
-8-
Arbolak ere eskeņi dute
udaberriko lorea,
ale mardulez ornitutzeko
gero bere ondorea.
Begiak lenen ase, ta gero,
usaia ta saborea,
Jaungoikoaren eskutik dator
balitz bezela gurea.
-9-
jaungoikorikan eztala gero
entzuten zenbat erori,
aunditasun au berea dala
ezin kontuan erori.
Naiz ta munduko aurrerapenak
sortu sendo ta ugari,
gizonak jarri al lezakena
al da edertasun ori?
-10-
Goiz goizetikan nabarmentzen da
eguzki legun, garaia,
lore ta txori abestiekin
nastutzen bere argia.
Biotz guztiak alai dauzkatzun
aldi on, zorgarria,
mundu onetan zeure berdiņik
eztezun UDABERRIA.