inprimatu
Herensuge sakratuaren estrategia
Izenburua:
Herensuge sakratuaren estrategia
Sinadura:
Aboul Kacem Chabbi
Urkizaren iruzkina:
(Eusk.: Arantxa Hirigoien)
Egilea(k):
Hirigoien, Arantxa

Aboul Kacem Chabbi

Argitalpena:
Susa.
Urtea:
1994
Argitalpenaren urtea:
Alea:
33.zk.
Orrialdea:
21

Aboul Kacem Chabbi

 

euskaratzailea:

Arantxa Hirigoien

 

         Tunisiako hegoaldean jaio zen 1909an eta oso gazterik hil, 1934an.

 Hemengo poema «Bizitzako kantuak» (1934) liburu frantseseratutik hartutakoa da.

 Aboul Kacem Chabbiren «Imagination poétique chez les Arabes» (1929) hitzaldia

 garrantzi handikoa bezala aipatu ohi da literatura arabiarrean.

 

Herensuge sakratuaren estrategia

 

 Udaberria, izpiritu bizi, gogoetatsu,

 gaztaro berde, lurrinezko jantzia

 mundua zeharkatuz doa olerkari pentsalaria,

 jarraipen liluragarria.

 Urrunean, eztitasunez betea,

 izakiaren bihotz emankona dago.

 Unibertsoa bizitza jatorraren egoitza,

 oihana koru bat den gunea, tenplu bat da.

 Eta poeta, eguzkitan kantatzen duen zozo beltza,

 arrozez eta barazkiez estali lur gainean dantzan ari da.

 Zorionezko eta bakezko ereserkia,

 arima, mundu zoragarri bateko

 nektarra edateagatik

 mozkorturik.

 Eta horrela, mendietako herensugea

 hainbeste zorion eta gaztetasun ikusteagatik haserre da.

 Gorrotoz haren gainera jauzi egin du,

 zortearen zigorra, jainkoaren haserre bizia.

 Beldurturik, gaixoak garraisi egin du

 eta suminaren aurrean, herensugearen hortzak ikusiz

 honela oihukatu du:

 

 «Zer gaiztakeria egin ote dut, halako gaztigua merezitzeko?

 Oihanetan kantatu eta munduaz maitemintzea ez bada.

 Garbitasuna eta eztitasuna aurkitu ditut,

 maitemindu zaluaren hitza duzu hau.

 Hau gaizki ote da?

 Oi, gaztaroaren adiskideak, non ote da justizia?

 Ez da inon ere. Boteretsuaren iritzia

 irabazlearen erabakia: hau da eskubide sakratua.

 Xumeen zoriona, azkarrenek gogor zigortzen duten delitua da.

 Lekuko izan dadila, nire gaztaroko ametsa eta lilura

 kantatu dizkiodan mundua.

 Bakea, egi gezurtapena da

 eta justizia, itzalia den garra.

 Indar berekoen artean dago justizia,

 terroreak terroreari buru egiten dionean».

 

 Trufari, irriz, faltsuki,

 herensugeak aurkakoari erantzun dio:

 

 «Gazte kalakari, zure oldartzeaz arranguratzen naiz.

 Baina jakitunak, bihotzak hutsak aise egiten dizkion

 nahabari barkatu egiten dio.

 Geldiaraz iezazkiozu zure zentzumen eroak.

 Zure arima gainditzen dute eta.

 Entzun nazazu ordea:

 Jainkoa naiz. Betidanik, munduak gurtzen nau,

 nire madarikazioaz eta zigorraz beldur.

 Penitentziagileen gisara,

 gogotik eskaini dizkidate biktimak.

 Zeren arimaren zoriona,

 egun batez jainkoen biktima izatea baita,

 honela gorputz saskarraz libraturik, izpiritu dibinoaren

 zatiño santu bat bilakatzeko.

 Nire biktima izatea, ez al duzu gogoko?

 Nire haragi eta zainen bidez bizitzea'?

 Nire odolaren energia izatea, nire begiradaren adore,

 nire hortzen zorrotza?

 Nire izpiritu infinitoan urtzea?

 Nire gaztetasunaz baliatzea?

 Nire izpiritua eternitate osoan,

 nahi izan dut zuretzat atxiki.

 Pentsatu eta ulertu: gaurko zure izate motz eta debaldekoa

 alde batera utzi, nik hobea hitzematen dizut eta».

 

 Zozoak azken hitzen beldur eta heriotzak itotzen zuen artean

 erantzun du:

 

 «Errango nizuke egia xumeak ez duela

 ez agintaririk ezta ere audientziarik.

 Boterea, garaile basari dagokio.

 Egin nahi duzuna,

 ez dut zure handitasuna nire entzutera behartzen».

 

 Honelakoa tirania, hitzaldi faltsuz janzten da,

 nahikeria txarrenak gordetzeko.

 

 


inprimatu