inprimatu
Abenduak 19
Izenburua:
Abenduak 19
Sinadura:
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):


Argitalpena:
Susa.
Urtea:
1993
Argitalpenaren urtea:
Alea:
31.zk.
Orrialdea:
6

abenduak 19

 

 Trenekez dituzte haien estazioak aukeratzen. Horretarako eraikitzen dira

 trenbideak. Eta gu ere —trenak bezala— nahigabeko kaleetan galduz goaz, noren

 zain gauden ohartu gabe. Gau luze baten amaiera igurikitzen dugu, baina bihar

 lorea eta lilia iharturik egonen dira, maitasuna kale estuetan galduren da,

 behatzak izozturen zaizkigu baionetak erabiltzea galeraziz. Bihar hegaberak

 artazi erraldoiak izanen dira eta banatzen gaituzten sokak ebakiren dituzte.

 Baldin baite, bihar.

         Trenek ez dute garraiatzen duten hura aukeratzen. Horregatik dakarte

 edo daramate beti ikatza. Ba omen dira zerraldoak garraiatzen dituzten trenak

 ere. Biharko trenak. Ordea bihar agian beranduegi izanen da, eta beti guretzat

 uste izan genuen kalean zure zain egon arren, ez da trenik egongo ixiltasuna

 ebakitzeko eta itzalirik egonen dira xaguxahar guztiak, kandela izekien artean.

 

Ez gara aurkitu

 

 GAURKO ilargi beteak

 zure gorputza isladatzen du, karrika osoan

 haize zorrotzaren oihu hotza nagusitzen da

 nahi duzu hark baino garrasi hotzagoa bota

 baina zure gorputza oraindik beroa da.

 Zure hitzak oraindik luzeak

 zure muxuak oraindik bustiak

 zure begiak oraindik galduak.

 Xutik zara, karrikaren iluntasunean

 zakuz kargaturik, denbora pizua senditzen duzu

 ordularia begiratu, ezkilak entzun

 baina ez naiz oraindik ageri

 Gau beltza iluntzen da, oihu hotza gogortzen

 zakuak utzi dituzu, baina halaere denbora jasanezina da

 karrika hartan, jendea ziloetan sartzen ari da, biharamuna arte

 autoak geldituak dira goizarte

 eta zuk itxoiten duzu, ni etorri arte

 alde batetik begira, bestetik doi-doia

 ez zara mugitzen, ez duzu pentsatzen

 zure hitzak itzali dira,

 zure ahoa idortu,

 zure begiak hetsi.

 Gau luze hartan, ez gara aurkitu.

 Zeren ni, balearen bestaldean nintzen,

 zure zain.

 

Lorea eta lilia

 

 LOREA eta lilia

         Haizea eta hazia

         Lur sakonean, erroak bultzatuz

         Zurtoina luzaturik, laino xuri baten gaineraino

         Beti handituz, beti zabalduz.

         Zure goratasunetik ikus dezakezu

         Borrokatzeagatik izerditan den lurralde bat.

         Zure ondotik pasatu den xoriaren oihua entzun.

         Azpiko gizakiaren mina senditu, askatasun haizea hunki.

         Emazte baten zoriona zara,

                     maitasunaren esperantza,

                                   bizi baten irudi.

 

 Zeren zure baitan eihartuko den lore lilia,

 ama baten sabelean sortuko den hazia da.

 

 Loratuko dira larre eta soro

 Sortuko dira haurrak egunero.

 

                     Lorea eta lilia

                     Haizea eta hazia.

 

 


inprimatu