inprimatu
Abenduak 18
Izenburua:
Abenduak 18
Sinadura:
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):


Argitalpena:
Susa.
Urtea:
1993
Argitalpenaren urtea:
Alea:
31.zk.
Orrialdea:
4-5

abenduak 18

 

 Etsipenadaramaten trenetan ere egiten da ametsik lantzean behin. Baina nire

 ametsetan ez da nire arreba txikiak bere marrazkietan erabiltzen dituen

 koloreetarik batere azaltzen. Etsaia inguratu genuen. Bellvereko gazteluraino

 heldu ginen eta gaztelua gasolinaz inguratzea agindu zidan sarjentu kopetilun

 batek. Ondoren mendia argi gorritan ikusi genuen: sua. Infernu pusketa bat

 bistatzen zen urrunetik. Oso ikuskizun polita zen. Esnatu naizenean ordea,

 jendeak noraezean jarraitzen zuen etsipenaren barnebideetan eta baso kixkaliak

 ikusten ziren trenaren leihotik. Sua zen neguaren borreroa. Eta borreroek ez

 dute beren sententzia birritan esan beharrik izaten.

 

Poema epikoa

 

 BIHARAMUNEAN

 gotorlekua mamutoki zen.

 Herria azkenik hartua,

 Erregeren gizonek,

 karriketan zehar korrika,

 bortxaz bete zuen etxe oro.

 

 Eta ziega ilunen batean

 erreboltarien burua

 txikitu zuten.

 Haizeak hautsa zekarren,

 beleek hildakoen begiak mokoetan.

 Apaiz itsu bat

 deiadarka zebilen

 guda zelaitik gertu

 zaldun koldarrei galdezka:

 —Ez al duzue Azken Egunaren deia entzun?

 Itsasoa imajina ezina

 basamortuko hondarretan.

 Erregeren gizonek

 herria utzi zuten,

 beranduegi,

 eta murrailak

 behinbetiko hertsi ziren

 herria itzaleztatuz.

 Betirako iluna,

 odola nonnabi,

 euria, azkenik.

 

 EURI azidoak erre zizkion begiak

 Neska gazte batek itsutu zion bihotza

 Gorputz izoztuak urtu zizkion nahiak

 eta ilusioak aspaldi galduak zituen

 Goiz batez, ispiluak izena baino ez ziola bueltatu eta,

 utzi egin zituen bere bazterrak

 urrutiratzeko, barkuan, trenez, oin batez

 eta gero besteaz

 Bost naziotan lau emakume ezagutu,

 hiru haur eta bi agure agurtu,

 kateme zahar bat besotan hartu eta biak lagun

 Sei itsasotako ura edan zuen

 Zazpigarrenaren urak sakratuak zirela eta ez.

 Zortzi mezkita ta hamar tenplutan Jainkoak

 gurtu ta itxaron

 Kanpamendua utzi eta sei egunetan oinez eta barau, Peyotea,

 eta negarra ez besterik eta nolabaiteko egia,

 gero amildegia konklusio

 Oxford, Cambridge eta Pekineko Politeknika

 Zientziaren grabitatea, sagar eta zenbaki pisutsuak

 A-tik Z-raino literatura burges eta ederra

 (baina ederra, edo ederra, baina ederra)

 Barre egin zuen Berlinen, pailazo bat,

 bi aingeru zaindari eta horma zahar bat

 Hondarrak eta mamuak eta berak irentsi denak

 eta ezagutu, ulertu eta jakin

 Mendi garaienak igo zituen, arnasa hartu

 Edurra jan eta edurra izan, paisaia irentsi

 eta ezagutu, ulertu eta barneratu

 Kitano zahar baten cante garratza entzun zuen

 eta eskuak tximurtu zitzaizkion

 Beltz gazte baten exekuzio popularrean aurre egin zion

 beldurrari

 eta Justizia Zuria erdeinatu eta magia beltza ikasi

 Emakume baten azalean edertu zen

 eta mina, odola, tirania eta zakila irentsi

 eta sofrituz ezagutu, ulertu eta aldatu

 Zahartzaroaren haize urdinetan epeldu zen

 eta bizitza zer den ulertu eta jakin

 eta berea bukatua zela ikusiz

 jaio zen leku berera itzuli eta izarrak desagertzen

 diren antzera desagertu zen bera,

 hil egin zela, alegia,

 arrastorik txikiena ere berarekin eramanez.

 

 


inprimatu