inprimatu
Palestinako anonimoa -Akkah-
Izenburua:
Palestinako anonimoa -Akkah-
Sinadura:
Urkizaren iruzkina:
(Eusk.: J. Matxinea)
Egilea(k):
J. Matxinea

Argitalpena:
Susa.
Urtea:
1989
Argitalpenaren urtea:
Alea:
23/24.zk.
Orrialdea:
155-159

Palestinako anonimoa

—Akkah—

euskaratzailea:

J. Matxinea

 

         Akkah-ko poema Palestinako populuak berea egin duen poema ezaguna da.

 1936ko iraultzan britainiarren, sionisten eta halaber hauei lurrak saltzen

 zizkieten arabeen aitzi altxaturiko palestinar anonimo haietako batek urkatua

 izan aurreko gauean Akkah-ko gartzela horman ikatzez izkribaturiko hitzok

 osatzen dute. Herri kanta bilakaturik, era honetako testuekin suerta izan dena

 ez zaio arrotz honi ere, aldaki bat baino gehiago ezagutzen delarik egun.

         Bigarren poema aurrenekoaren oihartzunei loturik dago. Tawfiq Zayyad

 nazaretharraren "Amman Irailez" liburutik hartua da "Arrunt ez den herri baten

 adibide arruntak" hau. "Ni baino lehen jausi ziren borrokan" dio bertsio

 honetan, poeta presoarenean "ene aitzin joan ziren urkamendira" irakur

 daitekeelarik.

         Zer esanik ez Akkah erreferentzia erreala dela, egun Israelgo

 Estatuaren menpe den itsasaldeko herria. Akkah du jatorrizko izen arabea, San

 Joan de Akre delarik gurutzatuek ezarririkoa.

         Nizar Kabbani maitasunaren poetaren hitz hauek seinalatzen dute agian

 egokien zein den poema hauen, eta Palestinan 1920. urtetik aurrera hain usu

 izkribatu eta bizi izan den erresistentzia poesiaren balioa, funtzioa: "Agur

 Mahmud Darwish / agur Tawfiq Zayyad / agur Fadwa Tuqán / Zuek, luma saihetsean

 zorrozten duzuenok / Zuengandik ari gara ikasten nola lehertarazi bonbetan

 hitza".

 

 Oi gaua, utz iezaiozu gatibuari

 bere ahuenei amaiera ematen.

 Laster, eguna zabaltzean,

 astindu egingo da haren hegala

 eta urkatua

 haize boladaren menpe dantzatuko.

 Sakabanatu egin ziren lagunak

 eta hautsi haien godaletak.

 Oi gaua, gera zaitez

 eta utz iezadazu ene minei bidea arintzen.

 Baliteke zuk

 nor naizen eta ene oinazeak

 zein diren ahaztu izatea.

 Ai, hau mina!

 Zein bizkor irristatu ziren

 ene orenak zure esku artean.

 Ez pentsa gero beldurrez dudala egiten nigar.

 Ene malkoak ene herriagatik dira,

 etxean diren neska mutil gosetiegatik.

 Nork emango die jaten ene ondoren?

 Ene bi anaiak, gazteak biak,

 ene aitzin joan ziren urkamendira.

 Zein izango da bihar ene emaztearen bizimodua?

 Nigatik egingo ote du nigar?

 Ala seme alabek izango duten fatuagatik?

 Zergatik ez zuen gerlak

 goroite bakar bat utzi haren eskumuturrean

 borrokara deitu ninduenean?

 

Arrunt ez den populu baten adibide arruntak

 

 Oi, Aud An-nablusi

 (Faras zure gerla izena)

 badakit barrikaden atzean

 ari zarena hiltzen.

 Bizitza buruko zaurietatik

 doakizu.

 Poema bat irakurtzen duzu ordea,

 ehundaka miletan zehar

 zure ahotsa dut entzuten,

 harginaren eskuak bezain latza.

 Zu zara hitzaren esanahia

 konprenitzen hasi zinenetik

 ezagutzen duzun kanta kantatzen duzuna.

 36ko iraultzan

 "Yebel An-nar"eko iraultzailearen eskuak

 hil behar zuten gauean

 Akkahko gartzela hormetan

 ikatzez

 izkribatu zuen kanta.

 Zure ahots samurra dut entzuten,

 gurutzeratua, labainkatua.

 Zure ezpain urdinak ere badakuskit

 hitzei kolpeka

 letraz letra hasi ziren arte.

 "Ez pentsa gero beldurrez dudala egiten nigar.

 Ene malkoak ene herriagatik dira,

 etxean diren neska mutil gosetiegatik.

 Nork emango die jaten ene ondoren?

 Ene bi anaiak, gazteak biak,

 ni baino lehen jausi ziren borrokan".

 Oi, Aud An-nablusi

 hiltzen zoaz barrikaden atzean.

 Eta zure bizia

 hil behar zuten gauean

 Akkahko gartzela hormetan

 ikatzez

 izkribaturiko kantuaren

 azken esaldiarekin batera

 nola doan ere ikusten dut.

 "Atzetik gizonak dituzten

 erregeak genituela sinestu izan nuen.

 Errege higuingarriak

 hain doilorrak direnean

 non haien koroa

 gure oinetako azpi izateko ere

 gauza ez den.

 Gu gara herria zaintzen

 eta haren zauriak lotzen dabiltzanak".

 

 


inprimatu