inprimatu
Poemak
Izenburua:
Poemak
Sinadura:
Zalaparta
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Zalaparta

Argitalpena:
Susa.
Urtea:
1989
Argitalpenaren urtea:
Alea:
23/24.zk.
Orrialdea:
60-66

Zalaparta

 

Umea eta colt-a

 

 Goizean, lanera nindoala,

 kale erdian ume bat aurkitu dut,

 arropa zahar eta apurtu batzuk zituen,

 malkoen lorratsa masailetan

 eta bere begi berdeetan

 deskriba ezin den tristura.

 

 Gero, lanera heldu ondoren,

 ezin izan dut lanik egin,

 umearen begietan ikusitako tristurak

 ene bihotzeko alaitasuna estali du,

 baina ez zen bere errua.

 

 Gauean, lanetik irten eta gero,

 umearekin topo egin dut

 baina ez zuen tristurarik begietan,

 iraultzarako behar den arma

                   eskuetan baizik;

 colt zahar bat zen,

 aurreko gerrate batean galdua edo,

 munduaren geroa aldatzen lagunduko zuen

                                                       colt-a

 

 Bihar, lanera joan aurretik,

 nehor esnatu aurretik,

 iraultza egiten lagunduko duen

 neure colt zaharra hartuko dut

 eta begi tristeak zituen umearekin

 munduan zehar iraultza hedatzera

                                 joango naiz.

 

Odoleko piztien dantza

 

 Zainetan dudan odolean

 mila pizti igerian dabiltza,

 nik lurraren zainen odolean

 noizbehinka, aintzina,

 egiten nuen bezala;

 begiak hertsi eta igerilari hauek

 graziz mugitzen ikustean

 ur dantza baten aurrean nagoela

                 alaiki pentsatzen dut,

 baina dantzari hauek

 biziaren eta heriotzaren dantza

 pauso berdinekin dantzatzen dute.

 

 Gaurkoa zein den galdegin beharko nien...

 

Trenari

 

 Geltokien arteko bidean

 trenak amets bat izan du.

 Urte askotan bide berdina

 egiten ibili ondoren,

 burdinezko errailetatik

 aske geratzen zela,

 nahi zuen bidaia egiteko;

 baina geltokiaren inguruetan

 makinistaren txistu zorrotzak

 bapatean iratzarri du,

 jendea bere erraietan,

 alde batetik bestera joaten,

 tristeturik somatuz.

 

Laister

 

 Laister helduko da bai,

 herria esnatuko den eguna,

 askatasunaren txoriak

 gure lurraldearen aideak

 hegaz margoztuko dituelarik.

 

 Laister helduko da bai,

 kataiak apurtzeko ordua

 eta apurtutako kateak

 galdaretan urturik

 bakearen baratza lantzeko

 nekazariek behar dituzten

 goldeak eginen ditugu.

 

 Laister helduko da bai,

 arma hotsik gabeko gaua

 maitaleek berreskuratzeko duten

 gau ixil eta izartsua.

 

 Laister helduko da bai,

 aspaldi desiratzen duguna,

 borrokara eraman gintuen

 arrazoiaren ezeztatzea

 lortuko dugularik.

 

 Laister helduko da bai,

 aintzina landaturiko haziak

 ernetuko diren eguna.

 

 Laister helduko da bai,

 noizbait amets zena

 gure herriaren egi izatera

 eta ameslarien oroitzapenek

 etsaien azpijoko guztiak

 erabat ezabatuko dituzte.

 

 Eta laister helduko den hortan

 nire begiak hertsirik,

 ametsak loakarturik

 eta bihotza geldi aurkitzen badituzue:

 nire begiek

 umeen begietatik ikusiko dute,

 ene ametsak

 lunki esnatarazi, arren,

 eta bihotza

 bakean utz ezazue,

 zuen bihotzekin bat eginda dago.

 

Arrazoiak

 

 Ez dut ene arrazoien arrazoirik

 arrazoiak izateko ez baitut

 ez arrazoien beharrik,

 ezta inongo

         andere

   edo jaunen

 baimenik;

 arrazoi hutsez egindako

 arrazoi handi bat naiz.

 

 


inprimatu