inprimatu
Elkano berriari
Izenburua:
Elkano berriari
Sinadura:
Txantxangorri
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Txantxangorri

Argitalpena:
Susa.
Urtea:
1984
Argitalpenaren urtea:
Alea:
12.zk.
Orrialdea:
64-66

Elkano berriari

 

Txantxangorri

 

 «Gaur ez dizut hitz ederrik esango;

 barrenez triste, itoa, betea bait nago.

 Gaur ez dizut hitz politik esango;

 eta bakar-bakarrik sentitzen naizenez,

 bion elkargarri den ilargiari egin diot dei

 eta hau ere doi-doi hilberri

 

 Zu zaren izarra bakarrik dut gaur argi

 bainan begiz ikusten badut ere

 ekaitza dut etxean

 begiak zabalik gau osoan

 itxi bitza egunsentiak».

 

 Hitz hauek idatzi hituenekoz jadanik, indar gotor batek bultzatzen hinduen

 naturarekin bat egitera, lehenik landaredia aztertuz lorautsetan lan eginez

 sentitu hintzen zoriointsu eta, orain utzirik Herria, lagunak... bahoa

 itsasora, bakoitzak ahal duen neurrian bere arrastotxoa utzi nahirik.

 

 Makina bat egunsenti ikusteko hoa!

 halaz ere,

 bidaia luzea izan dadila

 egunsenti askotarikoa

 gauero

 portu desberdin bat

 ezagutu ezak.

 Heure destinoa duk

 bertara iritsi beharra.

 

 Urrunera joan behar duk

 urrun...

 orain estutzen hauten kateetatik

 urrundu nahirik.

 Eta hori lortutakoan

 ez hadi gera!

 Hoa, urrun!

 hurbiltzen ari den geroa

 baino urrunago.

 Eta iritsi haizela ustean

 jakin ezak bideska berriak

 aurkitzen.

 

 Pozez, bozkarioz beterik hoa,

 

 Baina,

 Zerk bultzatzen hau?

 Itsaso zabalean ikusi nahiko dituk

 baina begiak malkoz bustirik

 ezinezko gertatuko zaik.

 

 Eta orduan, oroituko haiz

 agian, txorien ttiu-ttiutaz

 hankapeko hostoen kras-krasaz

 haize orroaz, lagunez, herriaz...

 

 Bitartean,

 

 Hitzak, hotsak, urruna ixil

 bidea luze, azkar ailegatu nahirik,

 barnea triste

 pozik ordea

 nora hoan ez dakialarik.

 Begiak itxi eta ixiltasunean

 sentsazio berriak

 tanpaka.

 

 Utz iraganari

 ihesi joaten...

 Sendo ezak

 oraina,

 hemengoa ala hangoa.

 Utz iezaiok aldatzen

 Bizi hadi libre!

 Une oro, une bakoitza

 betekiro biziaz...

 

 Eta berriro itzultzean;

 

 «Gerlari handiak garaile bailiran

 zuek ere haien gisara

 erabiliko zaituztegu

 zuen izenak urrez idatziz

 festak egingo...

 eta gero??»

 

 Agur bero bat.

 

 


inprimatu