inprimatu
Non ote dago Behiruth?
Izenburua:
Non ote dago Behiruth?
Sinadura:
Eneko Olasagasti / Mikel Antza
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Eneko Olasagasti / Mikel Antza

Argitalpena:
Susa.
Urtea:
1982
Argitalpenaren urtea:
Alea:
6.zk.
Orrialdea:
57-60

Non ote dago Behiruth?

 

 "azken finean bideak argituz doaz norberarentzat, gerrak munduko zoko guztietan

 dira eta bakoitzak BEYROUTHen edo Nikaraguan edota Gaintxurizketan borrokatu

 behar duen erabakitzen du..."

                                                         (XX. mendeko anonimoa)

 

         Udara zen guretzat laranja zumoa sortalde hurbileko egarriz inguraturik

 edaten genuen garaia. Udara zen egunkariko orrialdean ramadan kutsuz logabeko

 egunsentitan irakurtzen genituenean. Udara, bonben eztandek eguratsa

 sarraskitzen zutenean, han, Beyrouthen.

         Udarak inguratu zigun beroz eta egarriz erromantikotasun krudela.

 Argazkien atzean, alferrik, saiatu ginen bilatzen... eta baita elektrogailu

 denda aurrean erreportero ausartek lortutako imajin izugarri horien atzean.

 Arratsaldeko hirurak Alde zaharra kasi hutsik. Alboko lokalean, haurrak

 tragaperratan gerretara jostatzen, botoi bati sakatuz... Beste eztanda bat

 entzun da Beyrouthen.

         Non zegoen Beyrouth? Non, arrats gorria ikusteko asmoz Gaztelura

 igotzen ginenean...? Eta bapatean zeruaren zauri gorriak tristura sortzen

 zigunean.

         Urruti dago Beyrouth... Mediterraneora iritsi behar da eta gero

 gurutzatu. Hurbil zegoen Beyrouth, egunkariko lehen orrialdean, telebistako

 berrietan, irratiko teletipoetan. Eta fedayinen kanporatzearekin urrutiratu zen

 Beyrouth. Urruti dago Beyrouth.

         Gaua iristean, gelatik tren hotsa entzuten den bezala iritsi zitzaigun

 Beyrouthen negarraren oihartzuna... hurbil geneukan.

         Beyrouth nauzue, kai abandonatua, eta barkoak oroitzen direnean negar

 egiten dute; itsasbazter tristea naiz, eta nire hondarretan Heriok ondoren

 datorren poema beltza idatzi zuen:

         1975. urtean Mediterraneoaren sorbaldetan Beyrouth izeneko emakume eder

 bat zetzan...idatzi zuen Nizar Qabbani siriar poetak; guk 1982ko udaran

 ondorengo poemak idatzi genituen... baina, non ote dago geure Beyrouth?

 

Eneko O.

 

 Metraila telebistan

 eta haur begiek goruntz begiratzen dute

 etorkizunean sinetsezinik

 Lurrak bakarrik du etorkizuna

 irakur daiteke eskonbro zati batean,

 haurrak goruntz begira.

 Makina baten zarata, oskorriak

 artifizioz- ko laino ximelak,

 artearen azken lorpena bilatu duten

 hilotz barne odolkiak.

 Heriotz txistuaren abisoa

 artifiziozko suekin nahasten da,

 haurrak goruntz begira nahiezean

 eskua luzatzen diote lehen arnasari.

 Vallejok haurrei hitzegin zien

 haurrekin negar egin zuen,

 Haur horien haurrek

 Cesar Vallejogatik negar egiten dute.

 Eta bienbitartean gu...

 ...kilometrotara

 Beyroutheko malkoaren epistola

 ezin idatzian gaude,

 absurdoaren kronistak.

 

E.O.

 

 Fedayin batzuk, militar jantziaz

 Hamra kale erdian begiratzen dituzte

 saltzaile baten maleta hutsak,

 azken erromantikoen itxaropenak gordetzeko

 maleta hutsak.

 

 Elianek begiak gorriak ditu

 bere etxe aurrean dauden zarama sutuengaitik,

 Estrale Zineman bilatu zuen bart etxea,

 israeldarren inbasio bezperan estreninatzailea

 botatzen zuten.

 

 Handik, bonben zarata urruti entzuten da

 Akomodadore papera egiten duen miliziano batek

 gordetzeko neurriak esaten ditu:

 Hemen ez da erretzen, baju hitzegin, eta transistorean

 berriak entzun nahi badituzu, egin ezazu mesedez, deskantsiloan

 

 Baina Elianek,

 Beyrouthen beste askok bezala, atzotik

 gertatutakoaz hitzegiteko iragana erabiltzen du.

 

 Maletek hutsik diraute,

 tokia egiten borroka galdu guztiei.

 Atzerrirako bidea

 azken hiri erromantikoaren eskonbro gainetan.

 

...azken orduko albistea...

 

Mikel Antza

 

 beyrouth sartaldea

 uraren ordez hautsa

 eta bost mila izar gehiago gauez

 norien alboan

 damasko irratian rock the cashbah

 fedayinen auzunean ramadan

 garorik gabeko basamortuak inguratzen du

 sortaldeko beyrouth

 hondarrezko gartzelan

 itzalik gabe pasiatzen dira maiteminduak

 norien alboan

 barraka itxiek

 ezinaren mugak laztantzen dituzte

 

 


inprimatu