inprimatu
Egizu lo, maitea...
Izenburua:
Egizu lo, maitea...
Sinadura:
Lesbos-eko Sapho
Urkizaren iruzkina:
(Eusk.: Maider Etxaide)
Egilea(k):
Sapho
Maider Etxaide

Argitalpena:
Susa.
Urtea:
1982
Argitalpenaren urtea:
Alea:
6.zk.
Orrialdea:
4/6/8/10/12/14/16/18

Lesbos-eko Sapho

 

euskaratzailea:

Maider Etxaide

 

 Egizu lo, maitea

 urrezko lore bat

 bezalakoa

 den Cleis

 izeneko alabatxo

 bat daukat

     Ez nuke,

 maitasuna erantsi zaion,

 Croesus-en erresuma osoa

 bere truke hartuko.

 

 Croesus: Lidia-ko erregea. Ondasun handien sinboloa.

 

 Zure osasunari topa egiten diogu

 Zorionezko senargai!

 Zuk eskatu ezkontza

 igaro da

 eta zure emaztea

 eskatu zenuen neskatila da,

 begiratzeko xarmangarria

 den emaztegaia,

 begiak eztia bezain

 lehun, eta aurpegia

 Maitasunaren edertasunak

 argitua.

     Afrodita soberatu

 bide da

 zuri ohore egiteko.

 

 Eta haien oinak mugitzen dira

 Erritmikoki, noizbait

 maitasun-aldare baten

 inguruan dantzatu ziren

 neskatila kretarren oinak

 bezain amultsuki, belar

 loretsu eta lehunean

 zirkulo bat eginez.

 

Ezkontzera doan emaztegaiaren kanta

 

 Lehen        Birjintasun O

 ahotsa        nire birjintasun!

 

                   Nora joango ote

                   zara galduko zaitudanean?

 

 Bigarren      Bertatik

 ahotsa          inoiz itzuliko ez

                     naizen leku batetan

                     aurkitzen naiz

 

                     emaztegai maitea!

                     ez naiz inoiz

                     zuregana itzuliko

 

                     Inoiz ez!

 

Himen batengaitik keixa

 

 Lehen        Zuhaitz baten puntako

 ahotsa        adar baten muturrean

                   heltzen ari den irasagar bat

                   bezalakoa

                   behin batean uztalariek

                   ikusi ez zutena edo baldin

                   eta ikusi, ezin harrapatu izan zutena

 

                   Mendietan orban purpura bat

                   besterik utzi ez duen

                   artzainek zanpatutako

                   jazinto bat bezalakoa

 

 Ez zaidazu galda zer jantzi

 Ez daukat zure emateko,

 Cleis, nik eramaten nuen

 bezalako Sardis-ko buru-xingola

 brodaturik

           eta nire amak

 esaten zuen beti

 zinta purpura bat ilean

 lotuta eramatea estilo handikotzat

 zeukatela bere denboretan

 

 baina gu goibeldurik ginen:

           ilea

 txortxargia baino horiagoa duen

 neskatila batek ez luke buruan

 jantzirik behar, lore freskoak baizik

 

         Sardis: Lidia erresumako hiriburua

         Lidia: Asia Minor-eko erresuma nagusiena, zein, Sapho-ren denboran,

 Alyattes-ek eta honen seme Croesus-ek gobernatzen baitzuten.

 

 Nire lira hartu eta esan nuen:

 zatoz orain, nire zerutiar

 dortoka-maskor: bihur zaitez

 tresna hiztun

 

 Arratsalde hartan

 Ezkontzera bahitutako neskatilek

 lore-buruak eho zituzten

 eta koilare bihurtu

 

 Zera eskatzen dizut, jauna

 Lagun baten antza

 nire aurrez aurre para

 zaitezela: erakuts iezadazu

 zure begien mesedea

 

 Oroiteraz behar al dizut, Cleis,

 dolu-hotsak

 gaitzetsiak direla

 poeta baten etxean?

 

 eta egokiak

 ez direla gurean?

 

 Zergatik egiten dut negar?

 Triste ote nago oraindik

 nire himen

 galduarengaitik?

 

 Behin loreak biltzen

 ikusi nuen

 neska koskor maitagarri bati

 oroiterazten didazu

 

 Zer eman diezaiokezu,

 Sapho, Afroditak bezala

 guztia duen norbaiti?

 galdegin nion nire buruari

 

Ez du merezi

 

 Ama maitea, ezin

 dut ehotzea

 amaitu

 

 Afrodita

 irain dezakezu

 hain lehuna izanik

 mutil harenganako

 maitasunez

 ia hil baitnau

 

 Eriotzari:

 Ez zaitezela orain etor

 maiz eskatu izan dizut,

 Hermes, mamuak etxera

 gidatzen dituzun jainkoa:

 

 Baina oraingo honetan

 ez naiz zoriontsu; hil

 nahi dut, Acheron-en

 ertzeetan loto lore hezea

 irekita ikustearren

 

 Hermes: Sapho-k dioenez, jainkoen kopa ehusten duena.

 Acheron: eriotzaren ibaia.

 

 Ohe ondoan zutik

 urrezko sandaliak jantzita

 Egunsentiak orduantxe

 esnatu ninduen

 

 Atabaka itsasontzian ipini genuen

 eta inskripzio hau jarri:

 

 Hau Timas txikiaren hautsa

 da ezkondugabe Persefonen

 logela ilunera eramana izan zena

 

 Eta etxetik urrun, bere

 adineko neskatilek ezpata zorroztuberriak

 hartu zituzten, norberaren

 ile lehunetilk kiskuila hauek,

 bera deitoratuz, moztearren

 

         Timas: Saphoren ikasle bat

         Persephone: Demeter garau jainkosaren alaba, bis izeneko Eriotz

 jaungoikoak eraman zuena, bere emaztegai eta infernuko erregin izan zedin.

 

 Ahantz dezakezu baina

 Utz iezadazu zera

 esaten: geroan

 noizbait gugan

 pentsatuko du norbaitek

 

 Eriotza txarkeri bat da;

 hala diote

 jainkoek; haiek ere

 hilko lirateke eriotza

 gauza ona balitz.

 

Zahartzaroa

 

 Gaur gauez hilargia

 eta Peiadeak ikusi

 ditut jartzen.

 

 Gauerdia honezkero

 joan da; badoa

 gaztaroa; ohean

 nago bakarrik

 

 Esan gogoak ematen dizuna

 Urrea Jainkoaren umea da;

 ez harrek ezta

 sitsek ere dute urrea jaten;

 giza-bihotz bat baino

 askoz gogorragoa da.

 

 Arratseko artzaina zara

 Hesperus, goizeko argiak

 barreiatutako edozein gauza

 etxerantz duzu gidatzen

 

 Ardiak gidatzen dituzu —ahuntzak

 gidatzen— haurrak

 amengana gidatzen

 

 Hesperus: arratseko izarra.

 

 Ongi jantzita zegoen neskatila:

 Haren oinak

 sandalia-lokarri brodatuen

 azpian zeuden ezkutaturik.

 Asia-ko eskulan trebea

 

 Bere pozoinaz

 Jarkiezinezko

 eta gazimin

 gorputzadarren

 laxatzaile horrek, Maitasunak

 narrasti baten antzera

 lur jo erazten nau

 

 Afroditari eskeinitakoa:

 Jainko bat da nire begietara

 —zure ondoan esertzeko baimena

 duen gizona—

 

 zure ahotsaren marmar gozoa,

 nire bihotzaren taupadak

 arintzen dituen far erakargarria,

 

 intimoki entzuten dituen

 hori. Ustekabean topatzen

 bazaitut, ezin naiteke

 

 mintza-mihina zartatuta;

 gar sume batek azalpean

 zeharkatzen nau; deus ikusi gabe,

 

 neure belarrien burrunba bakarrik

 entzuten, goxotasunez urtzen naiz;

 dardarak gorputza astintzen dit

 

 eta belar idorra baino zuriagoa

 jartzen naiz. Halako unetan

 eriotza ez da nigandik urrun egoten

 

 


inprimatu