Bertsolaritza = eromena?
Arabar batek
Bertsogintza da polita baina
bihur leike erogarri
horretaz bertso sorta berri bat
oraingoan nahi dut jarri
zuzenikan ahal badet
eskeiniko dizuet
bai gazte eta bai zaharri
bertsoengatik ia burutik
jota dauden biren berri.
Bitako batek darabiltzala
bertsoak bere buruan
esan liteke dagola beste
era bateko munduan
kalean ta mendian
ere bai lantegian
bera dabilen lekuan
kriston antzerki barregarria
montatzen du inguruan.
Lankide batzuk esan zidaten
nola dabilen lanean
bere errima zerrendak beti
daduzka aldamenean
horiei begiratuz
eta ondo pentsatuz
lanean ari denean
gorantz begira jartzen da gero
konzentrazio unean.
Zutik jarrita bere burua
darabil gora ta behera
arnasa sakon hartuz besoak
gora, aurrera, atzera
konzentratuta dago
bertsoaren esklabo
dauka «sumun» egoera
pixkat horrela egon da gero
badijoa komunera.
Komunerako bidaia ei da
ai zer antzerki polita
pelotan ari bailitzan doa
astiro ta ez korrika
lankide denak barrez
bere hanka okerrez
hala doala ikusita
zai daudelarik numeroa noiz
behar duen errepika.
Behin komunera sartuta gero
ispilu handi bat dago
aurrean jartzen da eginikan
zenbaitsu keinu arraro
mikrofono aurrera
doanaren antzera
kantatzen du geroago
ateratzen da pentsaturikan
gero hobe ta gehiago.
Komunetikan atera eta
lanera doa ondoren
keinu arraro batzu eginaz
lanean hasi baino lehen
berriz lanari ekin
bere erremintekin
bertsotan hartuz atseden
ez dakidanan da zenbat aldiz
errepikatutzen duen.
Beste batean medira joan
omen zen bertso eginaz
eta bidean bertsoetatik
burua aska ezinez
etxera itzuli zen
keskatuta hain zuzen
bertso haien eraginez
ez bait zegoen seguru mendi
puntan egon zen ala ez.
Gizaki horren berri eman dut
gertatua den bezala
bakoitzak pentsa beza jokera
hori ote den normala
hori da aberia
esango dut egia
ez nukeegon nahi hala
bera bezala has ezkero
norbaitek senda nazala.
Gogor aritzen da egunero
bertsoei ekin ta ekin
bat batean ta idatziz ere
ezaguna da Euskadin
bere jardun hortatik
atera du urtetik
urtera hainbat etekin
orain lau urte hasi zen ta gaur
neur daiteke onenekin.
Arabarra da lehenago jarri
dizkiodana bertsoak
kontatuz hari bertsoengatik
gertaturiko kasoak
beste arabar bati
ere dut erabaki
jartzea bertso gozoak
oraingo hau bai ezagutzen du
ondo Euskadi osoak.
Lehengo horrena bezalakoa
honena da txit grabea
eta gainera uste dut dela
konponbiderik gabea
bertso saio danetan
lan ta jai egunetan
a ze nolako parea
falta ezinak dira Rikardo
ta bere grabadorea.
Saio denetan egoten da lehen
aipatu dudan bezala
jendea bere presentziakin
ohartzen da berehala
bertsolariak ere
zerra pentsatzen dabe
Rikardo ikusi ahala
berriro ere badugu hemen
gure inkondizionala.
Gipuzkoatik bihurtu zaigu
fama handiaren jabe
saioetako kasetadunaz
edonon egizu galde
Andoni Egañak behin
esandakoarekin
denok adituta gaude
Gipuzkoan ez dela saiorik
hasten Rikardorik gabe.
Jai egunetan nola dabilen
banijoa kontatzera
eguerdian Atauna eta
gauez igual Eibarrera
jai guztietan berdin
badu nahiko zeregin
sarri haserre antzera
batzutan ezin du joan eta
bi saiotara batera.
Lanean ere ez du besterik
pentsatzen bertsotan baino
bere lankide guztiak omean
daude potroetaraino
azken lau urte hontan
ta hain zuzen bertsotan
hasi zenetik gaurdaino
beharrean ez baina bertsotan
jartzen du hainbat enpeino.
Rikardok ia ibilia du
osorik Euskal Herria
edozein bertso zalerentzako
hori ez dugu berria
eskua altxatuta
ta kaseta piztuta
beti aurrean jarria
hain zuzen hori da bertso saio
gehienen ezaugarria.
Bertso sorta hau bukatuko dut
hemezortzigarrenean
bertsoak ere ero dezake
obsesioa denean
bertso hauek eginik
zera jakin nahi dut nik
zoramen horren gainean
gaitz hori soilik hedatu ote
zaigun Araba aldean.