Barrenkaleko disparateaz
Zerozerobat
Malaletxe bizian
hartu dut papera,
zer gertatzen den hemen
zaitezen entera.
Barrenkalean zehar
pasatu bazera
ikusiko zenuen
katedral antzera
sasoi bateko apaiz
etxea berbera.
Balkoiak metrobetez
fatxadaz kanpora,
eta beste hainbestez
berriz miradora;
teilatua heltzen zaigu
kasik lapikora.
Konpontzeko ez datorkit
ezerre gogora,
erabiltzea baizik
bi kilo polbora.
Honen arkitektoa
ederra arraina,
ustez egingo zuen
kristoren azaina,
etxeari emanez
halako tamaina.
Detailetxo txiki bat
ahaztu zaio baina,
auzoak indarra du
botatzeko haina.
Pello Jauna balego
zerutik begira,
luzaro bere etxea
izan zen tokira,
komentatuko zuen
bere baitan: «Tira!,
hauek kaskarretikan
nonbait jarri dira,
Perretxiko zahar hori
hortik erretira».
Kulpak errepartitzen
ea gaitezen has;
etxegileak ez du
errurik apenas,
jasotzen ari bait da
legalki, baimenaz;
ez da ikaratuko
daukan bolumenaz.
Hitza Alkateak du
erabaki denaz.
Hirigintz batzordeko
nornahiri apustu
etxe hau egin dela
bolumenez puztu,
kale gizarajoa
haize t'argiz hustu
zuek zeneukatenok
kamionkada gustu,
kakazaharra egin
duzue hain justu.
Interes publikoak
ala pribatuak,
zeintzu dira zuentzat
pribilejiatuak?
Hor daude begi bistan
botata datuak,
hamar izorrautako
bi mejoratuak.
Hau ez ulertzekotan
zarete astuak.
Udaletxean dugu
hainbeste jenio,
bat eginik ez dute
pito bat balio,
etxe honi neurririk
hartzen ez badio
emango dizkiogu
gerrak oraindio,
gauzok konpondu arte
ze erremedio.
Protestan ihardutzean
ez nabil biluzi,
auzokide guziok
dugu zerikusi.
Joan gatzaizkizue
arrazoi ta guzi,
nahiago duzue-ta
jamon egin Ruiz-i.
Esandako guzia
nahiko ote gaurkoz?
Zertarako hornitu
beste nota guapoz?
Auzoak galtzekoa
darama oraingoz,
baina Jose Mari ta
Ahalguztidun «Txopos»,
ez pentsa gabiltzanik
honetan apropos.
|