Goiz bat txindokin
Zeberio Korta, Jose Antonio
-1-
Aurreko eguna larunbata zan,
alkarrekin egon giñan,
biyen artian mendi tontor bat
aukeratutzeko griñan;
kafe, kopa artuaz,
purua ere piztuaz,
biyek umore berdiñan,
azkenikan Txindokirekin,
zu, lagun, gelditu ziñan.
-2-
Zortzitan trena artu bear da,
jaiki zazpiak aldian,
betzitan autobusian sartu
ta jarri Larraitz bidian;
kantu eta txistuka,
gazte denak ejuka,
utzi Tolosa atzian,
aguro utzi ginduzen antxe
Txindoki beran azpian.
-3-
An Larraitz'en goazen gora,
esan nion lagunari,
bai eta ere berealaxe
ekin biyok aldapari;
bide extua artu,
arnasa da nekatu,
goyan arria ugari,
atzian bordatxo bat utziaz
iritxi da Oria-Iturri.
-4-
Oria-Iturri ere utzirik,
jarrai guk gure bidia,
iruditutzen zait egin dala
oraintxe bide erdia;
aurrera beiratuaz,
oñak arin moituaz
atera da izerdia;
nekatu bai, baña aspertze ez dun
gauza zera zu, mendia.
-5-
Borda batian gelditu gera
gure gosaria jaten,
eta noizian beinka zatotik
ardo pixka bat edaten;
or ba dator jendia,
bai kuadrilla aundia,
ez al du pozik ematen?
gure «mendiko sendi» maitea
ikusirikan indartzen.
-6-
Beltzulegi'ko bordatik gora,
Eluseta an atzian,
Egurral'eko lepoa dago
oraintxe gure aurrian;
Nañarri ezkerrera,
Ganbo eskubi aldera,
malda Txindokin ertzian,
lana bukatzen ariko gera
aldapa ori igotzian.
-7-
Txoritxuak kantari daude
alai gure aldamenian,
lore politak ere ba-dira
lurrean belar tartian;
ardik ere ba-daude,
gu txoraturik gaude,
zenbat gauz eder mendian!
gauz politagoik ez da izango
mundu zabal ta aundian.
-8-
Azkeneko malda igo ta
aurrian da Gurutzia,
oraintxe ez da ez oso zailla
bertaraiño irixtia;
ebakiya bi aldera,
an bian Amezketa,
emen goian, oi, pakia;
erabaki degu pixkatian,
emendikan ez jeixtia.
-9-
Gurutze onduan exerita
balkoi pare gabe onetan,
batere presik gabe egon gera
kantari eta izketan;
urre sagarra jaten,
mendi-txartela idazten,
pozik gaude bai benetan,
pake aundi bat sumatzen baita
emengo arkaitz denetan.
-10-
Aizkorri alde batera eta,
beste aldera Erniyo,
or bian dauden erri oyetan
ba-dago naiko biziyo;
zurruta eta errita,
ez da gauza polita,
eta ez du asko baliyo;
gorputz ta animaren pakea
nai duna mendira iyo.
-11-
Txindoki onen gallurretikan,
ori gauz arrigarriya,
begiratu batez arrapatien
da Gipuzkoa guziya;
Uri eta erriak,
an da emen baserriak,
zer gauza ikusgarriya;
munduan leku politik ba da,
oi zu zera, Euskalerriya!
-12-
Larraitz'a jetxi baño lenago
alde guztita beiratu,
eta urrengo iganderako
beste mendia aukeratu;
Erniyo edo Aizkorri,
Uzturre edo Uakorri,
denak berdin guri iruitu,
Euskalerriko mendi aldetan,
ezin bat beiñe aspertu.
|