Ordaņak
Ataņo
-1-
Bizitz urteak arin joan zaizka,
zartu da lengo mutilla,
Burua txuri, begiak lanbru,
ezin jantzi du amilla.
Danen igesi, bakar-izketan,
lagun arturik makilla,
eztute etxean aintzakoz artzen
aitonan negar ixilla.
-2-
Goldean ezin, segan ain gutxi,
ezin jaso du atxurra,
Arnas larria, biotza motel,
aitona bizkar makurra.
Aizea dula, reuma daukala,
laister ilko dan beldurra,
ezertarako etzaigu gauza
aspaldiko gazte zurra.
-3-
Etxerako dun seme zarrenak
laister artu dio gaņa,
sukal ondoan, ikus nai ezik,
purrustan beti erraņa.
Zirikatzalle, ezi gabeko
billoba txikin mingaņa,
aurki ote dun bere aitari
egin zionan ordaņa.
-4-
Enarak ixil joan ziran urrun,
txistuka aize zorrotza,
etxe aurreko meta gaņean
txantxangorri kantu otsa.
Maite arruan eztago lasai
aitona xarran biotza,
negu sarrerak kendu baitio
bere bizi naian poza.
-5-
-Jale geiegi daukat etxean,
lanerako berriz gutxi,
zertako degu agure zarra,
zergatik etxean utzi?
Oraintxe bere itzalik ere
enuke naiko ikusi,
-Baņa Joxepa, gure aita da,
bera da gauzen nagusi.
-6-
-Agure zarra ondo aseta,
goseak ume gaxuak,
auen ogia jan bear al du
berotzen dagon lausuak?
Lo kuluskaka, surtako laratz,
igaroz egun osuak,
eztitu asko maite semeak
ori daukan gurasuak.
-7-
Beti gauz bera esaten zion
emazteak arpegira,
-agure zarrak dakar betiko
gosea gure sendira.
Erriko apaiz jaunan bitartez
aldaketak egin dira,
aita gaxoa eramateko
andik Mixerikordira.
-8-
Semeak eta erraņak biak
moldatu zuten gizona,
sortu zan etxe maitetik urrun
irixteko zoriona.
Larogei urtez bertan bizita
bere nagusi zegona,
jazteko ainbat doi doi emanda,
iltzera urrun aitona.
-9-
Mixerikordi bidean ba-zan
baserriaren aurrean,
muņo txiki bat, etxetik bixtan,
bidetxigor bazterrean.
Aita xar ura ezin eraman
zualako bizkarrean,
itxogiteko muņo artantxe
exeri ziran lurrean.
-10-
Aitonak jaso zitun begiak,
an zegon mendi egala...
baņa bereala oroitz illun bat;
sortu zitzaion itzala.
Berrogeitamar urte inguru
ortxe izango zirala,
muņo artantxe itxogin zula
aitarekin zijoala.
-11-
Biotz barruan asi zitzaion
kezka txarraren eztena,
bereak miņa ematen zion;
ezin aztu besterena.
Bere aitaren negarrak antze
ikusi zitun azkena,
Jaunak ordaņa bialtzen zion
ondo merezi zuena.
-12-
Entzun zak seme, ta oroi adi
aitan azken esanian,
etorkizunai begira akiok
egiten dekan lanian.
Mixerikordi aldera aita
maitea neramanian,
tontor onetxen gaņean bertan
nik ere itxogin nian.
-13-
Alako izu bat sartu zitzaion
semeari biotzera,
-eztezadan nik gero ori esan,
aita, goazen etxera.
-Agure zarra ezin saldurik
al dakarkizu atzera?
-zartzean maite, ez nik sartu nai
Mixerikordin iltzera.