Zentral nuklearrak
Zaldubi
Bertso berriak jarri nahi ditut
Zentral Nuklearrak duela,
ez ahaztu orain egindakoak
ondoreak dituztela,
Euskal Herria bizirik nahi dut
eta inoiz ez bestela,
Zentral Nuklearrak nahi dituenak
merezi dute gartzela.
Alde batetik arrisku latza
inoiz edo behin lertzeko
segurantzirik ez dago eta
prest egon behar hiltzeko
radioaktibitate honek
indarra du kutsatzeko,
Iberduerokoi esango diet
Lemoizen bizitzeko.
Iberduero ohitua dago
dena berea izaten,
argi indarra berea dute
ari zaigu sosak jaten
bainan ala ere ez du nahikoa
eta ez da lo egoten
gure diruaz gure kaltean
ai da Lemoiz egiten.
Iberduerok egin badeza
Lemoizko zentral hori
Euskal Herria ondatuko du
az dago gauz txarragorik,
kutsaduretan nork izango du
peligro handiagorik?
Ez dugu utzika inoiz ekartzen
honera uraniorik.
Radioaktibitate honek
dena dezake kutsatu,
gizon, abere, landare, arrain
heriotzean bukatu
kutsadura hau zabaldu eta
Euskal Herria ondatu,
heriotzarik ezin daiteke
diruarekin pagatu.
Berrogei mila miloe pezta
dionez kostako omen da,
hauk guztiak ez dira lortzeko
zintzo lanean jardunda.
Hasi dirade Euskal Herriak
behar duela esanda
bainan gelditu nahiko dute hoik
aberatsago eginda.
"Ez omen dira zentral hain txarrak
-Iberdurok dionez-
beste lekutan badira eta
hangoak haina gehienez"
gezurrez beti jarduten dira
ahoa ixildu nahiez,
bainan hala ere esango dugu
ZENTRAL NUKLEARRIK EZ
Zentral Nuklearak egin ezean
argi indar pobrekuntza,
argi indarra gutti izatean
pobreago haien poltsa
horregatikan eman nahi dute
Nuklearraren laguntza
gerta ez dadin Iberduerok
dadukan altxorra utza.
Iberdueron akzio gehienak
begira zeintzuk dituzten:
Ybarra, Oriol, Urkijo, Berge
eta horrelako beste,
Euskal Herria maite dutenik
ez dut batere sinesten,
herrian bizkar puztu bait dute
beren altxorra hainbeste!
Oraingoan ere ikusten dugu
kapitalisten jokua,
beti bezela dirua dala
mundu hontako jainkua,
diruagatik Euskal Herria
utzi nahi ondatua,
bainan alferrik, herriarena
bakarrik bait da mundua.