Udaberrian negu gogorra
Zaldubi
Udaberrian negu gogorra
berriro ere etorri horra.
Akabo gure etorkizuna,
lehendik pausuka zetorkiguna.
Bidean jauzi
ta ezin gara inolaz luzi,
nahiz ta negua ez den itsusi.
Euri zakarra gainean dugu
nahiz ta ez egin inork erregu.
Hondatu zaigu barru natura.
Nork ote zuen horren ardura?
Hauxe nahaspila
Bakarra aski eta hor mila,
buru makurka euskal mutila.
Denok ditugu hainbat arazo
eta herria guk nola jaso.
Guretzat denak etsaiak dira
hortxe dabiltza bira ta bira.
Laister mokoka
guztiok jeiki behar burruka,
kemen estela ezin da joka.
Jarria dute langabezia
pobre-aberats bereziz hezia.
Hau bizimodu urri ta txarra,
begira begitara dator negarra.
Bihotzak min du
eta gehiago ezin samindu:
Ojala lurrak jango banindu!
Era txarrean langileria,
aurkitzen zaigu dena eria.
Hiru pezeta igo jornala,
bizitza berriz hamar normala.
Greba banaka
eginaz gabiltz gu arrastaka,
gaitik behera eginaz kaka.
Arrantzaleak ere haserre
eta azkenik zeharo erre.
Beren ontzia, beren kaiola,
bakartasuna duen etxola.
Urruti nahia
eta urruti dute arraia,
gainetik tiro eta epaia.
Azkenaldian gogor A.E.K.
burrukatuaz nahiz lehendik eska.
Haizeak ditu maiz hitzarmenak,
ondoren datoz negar ta penak.
Oh euskaldunak!
puzten ditugu maiz erdaldunak,
ba ote datoz azken egunak.
Valladoliden armen indarra
ta zenbaitetan pake txindarra.
Erakutsiaz desegin tresnak,
nola eduki lasai barrenak?
Hartu berria:
Betor aguro udaberria,
jaso dezagun Euskal Herria!