Oesteko kuatreroa
Zaldubi
Bere rantxoan ezin zen egon
gure Ronald rantxeroa,
eta Libian misilen bidez
piztu du su bat beroa,
lur berri bila abiatu da
armatuta bakeroa,
eta etxetik urruti dabil
Oesteko kuatreroa.
Munduan zehar bere eskuak
egin du nahiko galera
indarkeriaz zapaldu nahirik
dabil egunero bera,
nahizta agertu telebistatik
artista onen antzera,
gehiago ez du honek egingo
mutil onaren papera.
Indarra dela medio dabil
denak baino handiago,
zapaldutako herri bat dago
gero ta zapalduago,
beraren alde bazaude ongi,
eta bestela akabo,
hau «Septimo de Caballeria»n
dabilen ustetan dago.
Mundu guztian zabaldu nahi du
bere indarren geriza,
ta oraingoan Libiarreri
tokatua zaie rifa,
nonbait aspertu zaigu izaten
bere herriko txerifa,
eta moroen lurrean nahi du
izendatzea kalifa.
Horregatikan eki aldera
bira eman digu beraz,
bere etsaien aurka hor dabil
armek daukaten hizkeraz,
galai antzera agertu nahi du
era hontako jarreraz,
maitemindurik aurkitzen bait da
Inglaterrako rantxeraz.
Ronald-ek ez du onartzen aisa
Gadafi lako mutilak,
indarra dela bide agertuz
bere sentipen «umilak»,
garai batean zaldiak ziren
eta winchester fusilak,
gaur egunean itsas untziak
aboioi eta misilak
Edozein herri topatu eta
eskeini bere laguntza,
eta ondoren amarru bidez
hondamendiraino bultza,
polipodunak bere erroak
zabaldu ditu honuntza,
eta azkenik lehertuko al da
amerikar harroputza!
Honek edonon muturra sartu
eta gainera ahatik,
Libiaraino joan da baina
inork ez daki zergatik,
alde hauetan haserre gaude
bere heriotzengatik,
ta prezioa jarrita dago
Reaganen lepoagatik.