Haur jaio berria zabortegira
Zaldubi
Zarautz aldean bada berri bat
denontzat hunkigarria,
apirilaren ogeitalaua
egun gogoragarria,
nahiz eta askok ahaztuagatik
denontzat negargarria,
amaren batek ez du ahaztuko
egun hortako larria.
Mundu honetan bihotz gabeko,
pertsonak ere badira,
lagun urkoa baztertzen dute
bere burua begira.
Ama batek haur jaio berria
bota du zabortegira,
horrelakorik ez lirateke
erresponsable balira.
Zabortegian arkitu dute
poltsa batean bilduta,
jaio berria erruki gabe
bazterturik amilduta;
haurraren amak merezi ditu...
beraren erruz hil duta,
holako gauzak utzi ohi dute
gizartea umilduta.
Erru guztia ez dauka amak
bakar-bakarrik erdia,
ez dugu ahazten inolaz ere
aitak daukan alderdia,
ama ta haurra baztertutzeko
hartu baizuen idia
eta ondoren gertatu ohi da
horrelako pikardia.
Gizonezkoak suertean dira
ume egite kontuan,
egitekoak eginda gero
ahaztu zer egin dituan,
bera libre ta bere laguna
zeharo izorratuan,
gainetik galde ea zergatik
jazkiak kendu zituan.
Maitasunaren txorabioak
nahasten gaitu askotan,
ta ez dakigu nola jokatu
sesuaren kontuotan,
hainbeste urte egon ohi gara
«tabu da» esanaz lotan,
eta ondoren dena batera
sarri hutseginaz hontan.
Arazo hontaz esan digute
dela haurrak egiteko,
bainan gaur egun badago lanak
hamar-hamabi hazteko,
eta ezin da inori esan
ari gabe egoteko,
horregatikan pastillak edo
zerbait behar da jateko.
Jolas batean biak jolastu
ta emeak beti galdu,
emakumeei tripa handitu
ta lanak maiz ugaldu,
eskubideak berdintze arren
zerbaiten beharra badu,
bainan nik ez dut ongi ikusten
haurra eginda bialdu.
Emakumeak pastillak eta
abortoa behar dute;
egunen baten lortuko al dute
behar haina libertate,
gizonezkoak lortuko zuen
gelditu behar balute...
bainan legeak batzuk agindu
ta besteek behar bete.
Egun bateko jolasagatik
bizi guztia hondatu,
haurra soinean, aitak ihesi,
ez jakin nola jokatu,
emakumezko zenbaiti hori
ez ote zaie gertatu?
Horregatikan ez galerazi
nahi duenak abortatu.
Zenbait pertsona era txarrean
abortoz dira mintzatzen,
moral aldetik saiatzen dira
gauza hori beheratzen,
galerazita utzi ohi dute
okerragoak gertatzen,
librea balitz ez zuen lanik
zabortegira botatzen.
Su inguruan ibiltzen dena
erretzen da azkenean,
sesu jolasan ibiltzen bada
eroriko da berean,
horigatikan hobe da hartu
ardura behar denean,
eta umeak ekarri beti
ekarri nahi direnean.