Euskararen zapalkuntza
Zaldubi
Azken hauetan modan jarri da
euskararen zapalkuntza,
hau ote dugu eriotzako
azken uneko laguntza,
arazo hontan ez dut ikusten
benetako aldakuntza,
lehen Madrildik, orain hemendik
zapaldu nahirik hizkuntza.
Noizpait izan zen Ofiziala
euskara izendatua,
bainan atzetik berehalaxe
baztertu ta ukatua,
euskara galdu den herrietan
ez dadin gerta sartua,
horregatikan jarri diote
bere lurra murriztua.
Euskaldun gisa agertzeagatik
badira multa emanak,
ez bait dituzte entzuterik nahi
gure hizkuntzan esanak,
eta eskeak izaten dira
maiz haizeak eramanak,
gure herrian pekatu bait du
euskaldun jaio izanak.
Lehendabiziko esaten dute
euskara dela txit motza,
era honetan nabarmentzen da
bere bihotzeko izotza,
erderarentzat esku zabala
euskararentzat zorrotza,
bainan ez ahaztu Euskal Herrian
erdera dela arrotza.
Hori delata erdaraz dauden
rotuloak euskaratu,
bainan Udalek zenbait lekutan
ez dute ondogi hartu,
hori egiten harrapatuta
ondorenean epaitu,
abertzaleak baldin badira
nola euskara ukatu?
Agindutako hitzik ez bete
eta gainez egin kalte,
bainan hala ta guzti indarra
bere aldetik daukate,
erderaz gogor egiten dute,
euskara utzi aparte,
Euskal Herrian euskaran aurka
esan mesedez noiz arte?
Garai batean euskal hazia
gordetzen zen baserrian,
asko galdu zen jaitsitakoan
kaleko bizi berrian,
horregatikan arkitzen zaigu
gaur era negargarrian,
hil edo bizi jokatzen duen
bere biziko larrian.
Euskal hizkuntzak sartuak dauzka
sukalderaino sudurrak,
irrati eta prentsak bait ere
promesa asko gezurrak,
gero ta gehio ematekotan
ta bitartean laburrak,
ez nau asetzen erdal mahaitik
eroritako apurrak.
Gure hizkuntzak aldi honetan
galdua du osasuna,
erdaragatik galtzen dijoa
euskararen oihartzuna,
sendatu nahiaz maila guztitan
beharrezko da jarduna,
hitza politak baztertu eta
sortu giro euskalduna.
Euskal Herrian euskara dugu
oinarria ta harkaitza,
bainan kanpotik jazan izan du
erosio bat bortitza,
autonomiaz ez baldin badu
sendotzen bere bizitza,
esan daiteke emana dula
bere azkenengo hitza.