Eskopeteroei kotoa
Zaldubi
Uste gabean iritsi zaigu
guregana Udazkena,
berdea hori eta hostoa
orbel bilakatzen dena,
hego haizeak astindu ohi du
aurrean dadukan dena,
txoriak ere ihesi doaz
gure mendietan barrena,
errukirik ez edukitzea
ez al da gauzik txarrena?
Gizonarentzat txoria beti
izaten da betizua,
bere bizitzan lehen ikusiak
edukitzen du piska,
halaxe ere hotzen beldurrez
egin behar du pausua,
epel piska bat aurkitu nahian
etortzen zaigu usua,
ez daki nora abiatu den,
errugabeko gaisua...
Txoriak txori jaio zenean
egin al zuen pekatu?
Edo besteaa gizonezkoak
nola horrela tokatu?
Bere bizitza oso garesti
ez al dute alokatu?
Hil edo bizi duen ruletan
txikienari tokatu,
eta hargatik txori gaisuak
bihotz gabe tirokatu.
Txoria berez denontzat dugu
maitale eta eztia,
eta sarritan txoriei esker
gizona da amestia,
baina halere beraien aurka
txolartetako astia,
itxuraz gizon deitzen dena
ez al da basa piztia?
Gure lurretik pasatzeak du
oso zerga garestia.
Zeru erdian agertzen dira
mordoskaka zabal-zabal,
batzuek euren ahaleginetan
besteak zeharo apal,
hoiek pakean ez lagatzeko
gizona ez dago kabal,
egun hauetan entzun ditugu
horrenbeste tiro tamal,
gero lurrean gelditzen dira
milaka kartutxo azal.
Hesi batzutan ezkutatuta
aurkitzen da ehiztaria,
bere etxera eraman nahian
egun hortako saria,
eskopetatik irteten zaio
bere suaren haria,
berunez bete ta erortzen da
txoriño hegalaria,
oraindik ere gizona dugu
pizti harrapakaria.
Alde batera ikusi eta
burutik dago eroa:
Camuflaje-ko jantzia eta
Gillen Tellen sonbreroa,
gerri guztia kartutxoz bete
ta aurkitzen da beroa,
gerlari baten antzera dago
gure eskopeteroa,
ez zaio asko oroitzen horri
txori gaisuen geroa.
Mendi hauetan ez da entzungo
urre txindorraren kanta,
okila, tarin, txolarre, eper,
eta zozoa ere falta,
eta gaur egun ehiza egiten
ari da kalte galanta,
egun batean buka daiteke
txori doinu ta zarata,
ehiztari eta eskopetero
hiltzaile gehiegi da-ta.