Aita, banoa etxetik
1
Sagarra ere hontzen denean
erortzen da zuhaitzetik,
eta nik ere irten nahi nuen
argira leku beltzetik,
ez dago ezer elikatuaz
luzaroan ametsik,
makina jan dut aspaldi hontan
nire aitaren eltzetik,
barkatu baina garaia da-ta
aita bano etxetik.
2
Zure ondoan nengoelarik
sentitzen nuen indarra,
gauza soila da gure munduan
izanez gero bakarra,
askoz gehiago lehen pausoa
izaten bait da baldarra,
baina halere ni joaten
ez zazu egin negarra,
txoriek ere izaten dute
kabia utzi beharra.
3
Nik haurtzaroan izan nituen
guraso batzuk ederrak,
euren mintzoak gardenak ziren
inoiz ere ez uherrak,
askatasuna bilatu nahi-ta
han jo nituen senperrak,
nik tipi-tapa nahastu nituen
eskubi eta ezkerrak,
haurtxo nintzela ni zaintzearren
bihotz bihotzez eskerrak.
4
Askatasuna eskuratzeko
zu ziren nire itzala,
nire ondoan izanez gero
sentitzen nintzen lasaia,
kontu ta kanta zure ondoan
beti izaten zen jaia,
ez zait ahaztuko bizi guzian
nire haurtzaro alaia,
baina azkenik utz iezadazu
gaur betetzen nire nahia.
5
Neure bizitzan kontseilu onak
aritu ziren ematen,
zuzenbidea nolakoa den
zeure bizitzaz esaten,
jakindurien iturritatik
ez naiz aspertzen edaten,
erakutsiak jasoak ditut
frutuak eman ditzaten,
eta zugandik ikasi nuen
munduan gizon izaten.
6
Zure jokeraz aita zu zara
ejenplu franko emana,
sarri askotan zerbaiten bila
joaten nintzen zuregana,
zure bitartez atxitu nuen
lanegiteko afana,
zuk egunean hamar bat orduz
egiten zenuen lana,
bada garaia eskura nezan
nire izerdiz zer jana.
7
Zer ikasia badago hemen
bina zaila lortzen ditxa,
ikaspidea zabala dugu,
ez da batere murritza,
hara ta hona ibiltzen gara
karpeta eta lapitza,
urteak joan eta etorri
beti ikasten gabiltza,
irakaslerik onena bait da
bakoitzak duen bizitza.
8
Zure babesa baztertu eta
noa munduko larrera,
hau hitz batean esan daiteke
leku goxotik txarrera,
eta datozkit zure hitz hauek
nire buru kaxkarrera:
"Haurrak bezala behin eta berriz
erori arren lurrera,
zer gertatu den ikusi eta
berriz jeiki ta aurrera!".
9
Orain banoa baina halere
itzuliko naiz etxera,
ez naiz ausartzen behin betirako
etena ebakitzera,
halabeharrez gaur noakizu
bide berriak hartzera,
Udaberriak bultzatzen gaitu
bikoteka elkartzera,
eta maitea hartuta noa
kabi bat ebakitzera.
10
Sentimenduzko zilborrestea
nekez dezakegu apur,
elkar agurtzen doan denbora
hobe izatea labur,
nahiz eta orain aldegitean
jarri tartean hainbat lur,
nik gurasoak oroitzen ditut
maitale on eta samur,
eta berriro elkartu arte
aita eta ama agur.
Zaldubi