Jainkozko lagun katolikoak
Aņegi
I
Barka zazue bainan
ba dut nahiko kezka,
minez baitadukat
bihotza gainezka.
Zuek entzuterik ezin
dezaket nik eska,
hala ere aitortu nahi dut
daramadan pesta,
barren hau lasaitzeko
beste erarik ezta.
II
Lantokian hainbat otso,
etxean bi azeri,
sos dena kentzeko prest
dakarzkienari.
Lagun ezak jarri nau
ardotan igeri,
maiterik ez dut bainan
ardoa ugari;
lagun hau nork ukatu
ezer ez duenari!
III
Hauxe bakarrik nuen
guztizko morroia,
nire lan egiteko
egizko arrazoia.
Garai bateko poza
dut malko-galoia,
katakumea baitzait
bihurtu leoia,
berau haztekin joan zait
betiko sasoia.
IV
Gazte indarrak oso
bazterturik naute,
orduko arintasunak
gaur ditut neke,
zutik ezin egon da
hala ere ezin bete,
lehenago eroskaitza
orain salgai merke,
bihotza hasi zait
hobi baten eske.
V
Edariak hartu nau
galtzaren tarteko,
min kentze guztia dut
niretzat kalteko.
Edan gabe gauza ez
oinazea ahazteko,
handigia baita
edaria uzteko
erarik ba ote da
inpernu hau hausteko.
VI
Norbaitek jasoa du
hain zorrotz egina,
berrogei urtetako
izerdi ahalegina.
Baztertu ez dudalako
nire ardo grina
agertu dute niri
barkatu ezina:
lantokitik bidali...
Ai, zein dudan mina!
VII
Etxera joan eta
nolako adarrak,
zein arantza zorrotzak
lehenagoko izarrak!
Ez ditu asko alaitu
nire poz beharrak
nahiz bapo zurrupatu
lortu diru hondarrak,
ez du, hoientzat, askorik
bailo negarrak.
VIII
Lanean lekurik ez,
etxean arrotza,
gogorkeriak hartu
baitie bihotza.
Jasoa besteek jan eta
eskatzeko lotsa,
nagusien saria:
gaitzeste hutsa,
bestek aberasteko
izan da morrontza!
IX
Ezin, mutillak, niri
barkatzen ohitu!
Zuen ustelkeria
ezin da ahaitu.
Deabruak zuenganako
asmoak balitu,
nahizta bihotza haseran,
beldurrez zatitu...
Adiskide zarete
eta ez larritu.
X
Barkatuko ahal dit
goian dagoen amak
hemen, bihotz mindurik,
garbiro emanak.
Zuentzat izan dira
gaurdainoko lanak,
ardo pixkaren trukez
hain zintzo emanak,
jaso duzuen horrek,
txit on egin... jaunak!
|