Udarraga
Usurbildar bat
-1-
Jaungoikoari eskatzen diot
entendimentu argia,
berri batekin ipintzearren
txit jakiñean erria.
Goratu naian asiak gera
«Udarrei» bertsolaria,
luzaro gabe egingo zaio
berari omenaldia.
-2-
Danok dakigu «Udarrei» zana
aspaldi samar il zala,
baña oraindik ikusten degu
ark utzitako itzala.
Esaten dute etzala izan
munduan gizon zitala,
bera ezakutzen zutenak die
oso gizon ona zala.
-3-
Bere gurasok ezkondu eta
bizitzen ziraden Aia'n,
lana egiñaz beren sendia
aurrera atera naian.
Asko bezela aiek etzeuden
beko lurren inbirian,
Ari utzita sartu ziraden
Udarregi baserrian.
-4-
Aia'n jaiota, aurra zalarik
ekarri erri ontara,
orduan ere aundia zegon
bertsolarien bolara.
Gazte zalarik bere jatorriz
ona zetorren ortara,
alakorikan eztala sortu
diote mundu ontara.
-5-
Baserri ortan arituarren
txit lantegi nekosuan,
bere umore berezi ura
beñere galtzen etzuan.
Bertso ederrik kantatzen zuen
etxean eta auzuan,
premiz zegona alaitutzeko
beti naikoa ba-zuan.
-6-
Ezagututzen zuten batzuri
egin diegu bixita,
aren kontuak aditu gabe
iñola ezin etsita.
Ao batetik esaten dute
zerbait galdetzen asita,
«Udarrei» zala, dudarik gabe,
bertsolari danen aita.
-7-
Ezkondurikan jarri zan gero
ortxe «Artikula Aundiñ»,
Erritik kasi urrutiena
arkitutzen dan baserriñ.
Ura askotan aritutzen zan
etxe aunditan Donosti'ñ,
zintzo ta leial beti kantatuz
etzuen asko utsegiñ.
-8-
Bertso kontuan izan ditugu
makiñabat gizon abill,
baña onena «Udarrei» zala
zar danen aotan dabill.
Abildadea izanagatik
beti azaltzen zan umill,
Allegatzen zan toki guzitan
altxatzen zuen Usurbill.
-9-
Batetik beste zebillenean
bere kantuzko lanetan,
gure erria au jasotzen zuen
iritxitako danetan.
Biotza beti emen zedukan,
ezta dudarik orretan,
orain argatik arkitzen gera
Usurbildarrak zorretan.
-10-
Lenago ere bertsolariak
asko maitatutzen giñun,
oraindik berdin segitzen degu;
ez al da garbi ezagun?
Gure deiari, zar eta gazte,
maitetasunez erantzun,
Danon artean egun eder bat
ondo antola dezagun.
-11-
Erri gizonak tartean dira
eratzen omenaldia,
Laguntasuna eskeintzen dute
lanean nai bada saia.
Erritar danei egiten zaie
biotzetikan gaur deia,
Alkar artuta era dezagun
bear bezelako jaia.
-12-
Anai maiteok, egun ortako
alegin guziz ari naiz,
beñere ez naiz aspertutzen ni
modu onenetako gaiz.
Olako epokak gure erritan
eztira izaten oso maiz,
noiz eta nola ospatuko dan
esango zaizute garaiz.
-13-
Azkenengoa dijoa orain
beste guzien ondotik,
lenago nola mugi ez geran
ezin kendu zait burutik.
Saia gaitean egun ortako
bakoitza bere aldetik,
kontu auekin pozik danari
eskerrik asko aurretik.