Korrika, ez harrika
Tarina
-1-
Maiatz honetan hasia zaigu
larogeitabi KORRIKA,
ia galduan dagon hizkuntza
eskura nahiez segika,
beste batzuek hortxen dabiltza
arazo honi harrika,
euskara galdu nahi dute baina
alperrik dira zirika.
-2-
Euskara orain gogoz ari da
bere sustraitik indartzen,
lehen flakua zegon zuhaitza
orain ari da edertzen,
udaberria iritsi data
lore ederrez eskertzen,
euskaldun berri asko datoz ta
begira ez naiz aspertzen.
-3-
Erdera aina izatekotan
oraindik asko da falta,
nahiz eta ukan bere buruak
zazpi adarreko planta,
normalizatzen zaigun artean
badu zer egin galanta,
baina seguru nago ez dela
galduko sekula santa.
-4-
Nork esango du gure lurrean
euskara gogor dagola,
baina ezin guk galtzen utzi gaur
gure arnasa inola,
horregatikan sortu izan zen
aspaldi Euskal Eskola,
jakin dezaten denak zein dugun
Euskal Herriko odola.
-5-
Korrika egin eta ondoren
aurkitu gindezke bero,
geure ahalmenak euskaragatik
deseginez egunero,
nekatu arren jarraitzekotan
pasa beste bati gero,
gure euskara indartuko da
denok lagundu ezkero.
-6-
Euskara beti aurkitzen zaigu
oso une estuetan,
bainan halere zabal dezagun
guk zazpi probintzietan,
denok gogotik lana eginaz
kantuz burruka honetan,
euskara bizi edo hiltzea
dago gure eskuetan.
-7-
Euskaragatik saia behar du
Euskal Herria guztiak,
ez gaitu asko poztu halere,
orain arte ikusiak,
hemen askotan gertatzen dira
oso gauza itsusiak,
anai artean lagundu ordez
elkar kontrako auziak.
-8-
Eskuetan guk daukagu orain
euskararen iraultza,
denok elkartuz egingo dugu
guztiok batera bultza,
eta etsaiek hartuko dute
horregatikan zaputza,
euskaran alde baldin bazaude
eman ezazu laguntza.