Telesforo Monzoni agurra
Sudupe, Pruden
Gizon handi bat joan zaigunez
ezin naiz isilik egon,
barneko grinak gaur kantatzeak
egin diezadaket on;
herri honetan ezagutu dut
hainbat emezte ta gizon
ahantz ezinik izatekotan
hoien artean da MONZON
Hamabi urte hor nonbait dira
nik ezagutu nuela,
hegoaldetik iparraldera
iheska etorri nintzela;
iheslari berri bat ikusiz
hurbiltzen zen berehala
hegoaldeko borrokarekin
har-eman berrien bila.
Bestek esana hartzen zekien,
solasean hitz-iturri,
zerbait kondatzen geniolarik
dena begi ta belarri;
maiz erabiltzen zituen hitzak
Ğikaragarriğ Ğizigarriğ,
euskal gudaren arlo guzitaz
bait zen gose eta egarri.
Iparraldeak anitz zor dio
ezin daiteke ezaba;
su ta garretan ziren Gipuzkoa,
Bizkai, Nafarro eta Araba,
hazia ereinez iparraldean
Euskadi ez zedin akaba,
iparraldeko abertzaleok
gara haren seme-alaba.
Duela bi mendeko gizona
zinela dut hor entzuna,
iragan diren bi mende hoiek
eta guk bizi duguna,
itzal baduzu egin bait duzu
hiru hoien batasuna,
MENDE BERRIak ere izanen du
zure hitzen oihartzuna.
Bizi zinela, zakurrak ziren
zure aurka amorratu,
zuk zeneraman bide gardena
ezin inola barkatu;
zerraldo eta gorpua zuten
harmen indarrez bahitu,
hustekabean, gure artera
ez zintezen berriz piztu.
Zure biziko arlo guzitan
izana zara oparo,
azken hatsa are ez duzu etsi
harrituz gazteak oro.
Zure izena jarraituko da
euskal gogoan luzaro;
besterik gabe utziko zaitut
agur t'erdi TELESFORO.
MARI JOSEFA agurgarria
zuretzat azken bertsoa,
agertu duzu bene-benetan
zarela emazte sendoa,
atsekabean, etsai anean
zuzen ta zorrotz asmoa,
opa dizugu bizi dezazun
zahartzaro bat goxoa.