Pakearen billa horrohor missila
Santxo, Joseba
Orain kontatuko dut
baitaukat astia
oraintsu gertatu den
kasu tristia.
Ameriketan berriz
altxa da piztia
oraingoan hartu du
helburu txikia
hautatu tokia
ustez egokia
aitzakiz bakia
gerra irekia
bere eskutan dago
mundu guztia.
Hirurogei ta hamar
pertsona hil ditu
eta ehunetik gora
ere zauritu,
baina terrorismotik
gu salbatu gaitu
zerurako badauka
hamaika meritu
nahiz ta iruditu
hau dela delitu
etsaiak garbitu
ta denekin kitu
bide santu horretan
zeinek gelditu.
Bonbardeo kontua
beretzat jolasa
batzuk bonben artean
ta bera lasa.
Botoia sakatzea
bai gauza erraza
mundua lehertzeko
baitugu kapaza
hau gizon eskasa
guretzat demasa
berak ondo pasa
guk galdu arnasa
hartu du honez gero,
"HITTLER"en traza.
Inglaterra aldean
sorgina saltoka
tximinoaren alde
beti dago-ta.
Pakea lortu nahian
segituz borroka
biek egingo dute
txanpainakin topa
eurek edan kopa
ta guri korroka
osasuna opa
ta azpitik joka
ezkonduko al dira
hau igarota?
Hilketan ere lagun
izan dute Espaņa
nahiz eta horren kontra
egin kanpaina
Madrilekoak dena
bazekien baina
ikusi zuenean
ekintzan tamaina
ixilik mingaina
itxura apaina
hortan alajaina
aktore bikaina
hala guztiz ere gu
ezin engaina.
Aplikatu ondoren
bonbaren legea
Ameriketan poztu
da agurea,
salbatzaile honengan
ez galdu fedea
mundua izango da
yanki ta librea
hauxe da bidea
lortzeko bakea
bakoitzak berea
denontzat hobea
bedeinkatu dezagun
"REGAN" gurea.
|