Naturandere
Santxo, Joseba
Beti daniko andere zaharra,
bizirik zauden hilkor bakarra,
fruta heldua bezain goxoa
goxoa bezain edarra. (bis)
Ekia suzko indarra,
ilargia irriparra,
elur maluta negarra
jaiegunetan imintzen duzu
gerrikotzat ortzadarra,
zure begia jagole dugu
goizaldeko artizarra. (bis)
Jartzeko zaude janzki barria
iragartzeko udabarria,
laster hor dugu kukua kantuz
zure deiaz igarria. (bis)
Andere maitagarria,
loalditik itzarria,
apain ta eder jarria
gailentzen zoaz nagi sakona
ohantzetik ekarria,
lats gardenean aseko duzu
neguteko egarria. (bis)
Zabaldu duzu natur andrea
belar hezeko tapiz berdea
bazter orotan barreiaturik
usain eta kolorea. (bis)
Zelaian eder lorea,
jori mardul landarea,
freskura paregabea
ernatuz doan fruitu bizia
barruan duzu gordea,
erdi minetan laztanka zaizu
udaberriko aidea. (bis)
Bizi indarrez fruituak leher,
zure erraia kanpora dager
eguzki printzez garau berriak
zorhituz doaz halaber. (bis)
Abeslari hainbat eper,
ez dago ixilik ezer,
udako jantziáz eder
zuhaitz adarrak frutaren zamaz
zuzendu ezinik alfer,
pinu zorrotzak bozkarioan
zeru urdinari aiher. (bis)
Orain hostoak ezin higitu
zure sukarrak kiskaltze ditu
animaliak egarriz daude
erreka baita ahitu. (bis)
Giroa duzu goritu
ezin itzalik aurkitu
oro lehor eta siku
bakar bakarrik musker gogorrak
dira sargoriz alaitu,
zeu ere bero itogarriak
izaerditan jarri zaitu. (bis)
Hasi zarenez galtzen itxura
atean joka duzu tristura,
hosto gorridun pago artan
udazken hitsa heldu da.(bis)
Lainotu da ortzemuga
amets lausoen modura,
txori guztiak zerura
han doaz ihes hotzaren beldur
neguko gordelekura
udagoienak ez baitu entzun
txorinoen arrenkura. (bis )
Putz egin duzu... zure mehatxa,
azkartu nahirik neguko martxa
zure arnasak orbel arinak
firin-faran daramatza. (bis)
Orraztu duzu belartza,
makurtarazi zugatza,
ferekatu harkaitz latza,
nahastu duzu txori gabeko
zuhaitz askoren adatsa,
Naturandere, izaki oro
zure arnaspean datza. (bis
Luzatu duzu gehiago gaba,
horra negua jotzen aldaba
abar iharrak, zure atzamarrak
lei-haize hotzaz ikara. (bis)
Txori etsien hegada;,
berba ixilen balada,
negarrez hasi zara,
elur malkoak, negar malutak
darizkizu mara-mara,
lo egiteko zabalik duzu
kotoi zurizko izara. (bis)
Loak harturik zaude ixilik
izaki oro zu gabe hilik
hutsik eta goibel daude kabiak
arboletatik zintzilik. (bis)
Lehengo margoak zurbilik,
ez orririk ez orbelik,
isiltasun kanta soilik
indar guztia galduz geroztik
ohean zautza umilik,
lo egin zazu udaberria
somatzen baita hurbllik. (bis)
Jartzeko zaude janzki berria
iragartzeko udabarri,
laster hor dugu kukua kantuz
zure deiaz egarria. (bis)
Andere maitagarria,
betirako itzarria,
bertsoz nagotsu jarria
zure barnean ixuria dut
bihotzaren ekarria,
noizbait aseko dudalakoan
edertasun egarria. (bis)