inprimatu
Gazte biurrientzat jarriak
Izenburua:
Gazte biurrientzat jarriak
Sinadura:
Salaberria, Sebastian
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Salaberria, Sebastian

Argitalpena:
Zeruko Argia.
Urtea:
1966
Argitalpenaren urtea:
Alea:
198.zk.
Orrialdea:
6

 

 

 

 

faksimilea ikusteko


Gazte biurrientzat jarriak

 

Salaberria, Sebastian

 

 1

 

 Bide galgarri asko

 dauzka gaur munduak,

 eta zenbait gurason

 biotzak minduak;

 zuen seme-alaba

 buru-aginduak

 pekatu lizunetan

 daude zikinduak...

 erakutsi Jaunaren

 amar aginduak!

 

 2

 

 Entzun, guraso biotz

 samindutakoa,

 amar aginduetan

 lendabizikoa:

 zuk baldin badakizu

 zorionekoa,

 au da seme-alabai

 erakustekoa:

 maite bear degula

 geien Jaungoikoa.

 

 3

 

 Gazte biotzekoak,

 entzun bigarrena,

 mixiolari-gisa

 nator zuengana:

 utzi bide okerra

 ta artu zuzena,

 otoitz egin dezagun

 al degun maizena,

 ta ez ibilli aotan

 Jaunaren izena.

 

 4

 

 Irugarrenak dio,

 arraba ta anaiak,

 garbi ospatutzeko

 igande ta jaiak;

 animako lanetan

 ez isan lasaiak,

 inguratzen badira

 uxatu etsaiak...

 auxen eskatzen digu

 guztion artzaiak.

 

 5

 

 Laugarren ontan egin

 zintzo errezoak,

 irabazi ditzagun

 barkamen osoak;

 bide zuzenetatik

 emanik pausoak,

 pamilian ibili

 izketa gozoak,

 ta beti aintzat artu

 zuen gurasoak.

 

 6

 

 Bostgarren ontan obe

 zuzen ibiltzea,

 debekatutzen digu

 kristauak iltzea,

 ta ernegaturik nor

 bera urkatzea;

 ori da Jainkoari

 eskua artzea,

 eta bere anima

 betiko galtzea.

 

 7

 

 Seigarren ontan bada

 zer gogoratua,

 Adan da Ebak egin

 zuten pekatua;

 naiz Jaungoikoak izan

 au debekatua,

 zuaitzetik artuta

 jan zuten frutua,

 eragikeria da

 andikan sortua.

 

 8

 

 Ta zazpigarrenaren

 beldur gabekoak,

 ostuta gauz askotaz

 jabetutakoak,

 gure artean zenbat

 dabiltz olakoak!

 bañan izatezkero

 zorionekoak,

 beti izan gaitezen

 esku garbikoak.

 

 9

 

 Zortzigarren ontara

 begiraturikan,

 iñoiz gelditutzen naiz

 ni arriturikan:

 zenbaitek mintzatzeko

 ez du ardurikan,

 kaltegarri etzagun

 esan gezurrikan,

 ain gutxi gezurrezko

 testigutzarikan.

 

 10

 

 Bederatzigarren au,

 senar da emazte,

 egia danik askok

 ez dezute uste;

 bide galgarri ortan

 gain-bera zoazte,

 ta ezkondu gabeak

 ere zenbait gazte,

 agindu ontan kontuz

 ibili zaitezte.

 

 11

 

 Amargarreneraño

 iritxi gerade,

 au ere betetzera

 beartuak gaude;

 bañan zer esan nai dun

 begiratu gabe,

 nere ustez askotxo

 egiten dirade

 oker bidez besteren

 ondasunen jabe.

 

 12

 

 Ara agindu abek

 nik adierazi,

 mesedegarri dira,

 gazteak, ikasi;

 Jainkoaren grazian

 nai badegu bizi.

 eta zeru ederra

 danok irabazi,

 munduan obra onak

 egin lendabizi.

 


inprimatu