Ogi gogorrari hagin zorrotza
1
Txikitatik entzun dut
ogi gogorrari
hagin zorrotza behar
zaiola ezarri.
Neurez ez bait nenkien
lege horren berri
probatu nuen eta
bertso hauek jarri.
2
Gabon gauez ogia
bedeinkatzerako
kuzkurra gordetzen dut
hurren urterako.
Lizundu gabe hantxe
egon da bapo
amorratu ez dadin
zakurrarendako.
3
Behin erabaki nuen:
Aizak hi, zakurra!
Aurten neuk jango diat
iazko kuzkurra.
Amorruari leuntzen,
baziok muturra
neuretzat ere ez duk
izango makurra.
4
Badaezpada aurretik
gutxitxo agian
ahoa lantzen ekin
nion harrobian.
Hortzak nituelarik
elkar jan zorian
horrian sartzen ziren
baina ez ogian.
5
Gosea duk -zioten-
hortako bikaina
hola barautu nintzen
jakiteko aina.
Jango nuke Deabru
beltzaren mingaina
nire aurrera ez da
ausartuko baina.
6
Ogiari amorruz
heldu diot noski
hortzak bertan gelditu
nonbait sartu gaizki.
Baina aitzaki hori
ez izaki aski
kuzkurra irentsi dut
hagin eta guzti.
7
Hatzamarra sartuta
eztulari tira
aho zabalik nago
hutsera begira.
Nola ezarri orain
lehen zeuden tokira
bide naturaletik
abitzen badira.
8
Okin bat ikusirik
atez ate saltzen
eskua bota nion
otarrera zuzen.
Eritzi nion ogi
hain biguna ezen
kuzkurraren atzetik
zurrutean joan zen.
9
Zer ote da gosea
Grina ala mina?
Sabel-sugea ala
buruko sorgina?
Gogortasunik ez da
harentzako dina
hortzak irentsi arren
horzkari berdina.
10
Elgoibarren harturik
gosearen trena
tximistan ibili naiz
esteak barrena.
Bakarrik behar diat
Epaile gurena
ez hortz eta ez sari
amaitzea dena.
AMURIZA, XABIER
|