¨Ni baño txuriagua?
Gau eder atsegin bat zan,
Mayatzeko gau argia,
Arro zebillen gau artan
Zeru goian Illargia.
Aren «eupa» arruak, ene!
Aren irrintzi luziak!
Laster esnatu zituan
Ojuka bazter guztiak.
Arrituta zegon Lurra
Illargiari begira:
«Erotu aiz?, esan zion,»
«Ua ba erotegira.»
«Ire txorakeriakin,»
«Txatxu orrek, esnatu nauk;»
«Bañan gaizki ibilliko aiz»
«Pakian uzten ezpanauk.»
Karkarrez erantzun zion
Arrotuta Illargiak:
Biak asarretu ziran,
Bero jarri ziran biak.
-«Eznauk ixilik egongo
Gauz bat iri esan arte,
Ez dek lo asko egingo
Egi bat entzun bitarte.
Ez dekala or lurrian
jaio ni bezelakorik,
jaioko ere ez noizpait,
Ni baño txuriagorik.»
-«Badizkiat ba loriak
I baño ederraguak,
Mendi elurtuak ere
I baño txuriaguak.»
-Ez orixe! -Bai orixe!
-Ikusiko dek beriala.
-Astakerien bat noski?
-Txit itxusiak dirala.
Ta joan zan zalapartaka
Aurreko mendi atzera;
Lurra beltz-beltz gelditu zan
Eta beltz elurra bera.
Eupaka ta irrintzika
Zegon Illargi arrua.
Orduntxe ots bat entzun zan:
-«Ni, ni naiz txuriagua.»
Bildurtu zan Illargia:
-¨Ni baño txuriagua?
-Bai orixe.-Zein zera ba?
-Aur txiki baten gogua (arima).
|