Aita-semeak musean
Mujika Casares, Xabier
A.
Adinean sartuak
pausoak neurtuz
badakigu bizitzen
zuhur eta kontuz
Eskuetan tantoak
nahiz ditudan erruz
ea zuk zer diozun
nere aldetik mus.
S.
Zoriontsu naiteke
soilik arriskuan
bizi bete-betea
dagoen lekuan.
Mus ezin emango dut
oraingo eskuan
atzeratu gabe has
gaitezen jokuan.
A.
Gogo eta odola
aski ez baitdira
zuhur aritzekotan
aitari begira.
Karta eskasez zatoz
borroka erdira
hobeak ditut eta
enbido haundira.
S.
Zertaz behar didazu
beti zerbait esan
egin ez zenuena
nik ikas dezadan.
Enbido bota duzu
aurreneko txandan,
gerorako zai nago
tantoa eraman.
A.
Aitaren esanari
egiozu kaso
pazientziaz konpontzen
da zenbait arazo.
Irabaziko dizut
joanaz pauso pauso
txiki txarra dut eta
honetara paso.
S.
Sarri paso egiten
ohiturikan zaude
arazoen aurrean
borrokatu gabe.
Nik zortzi bota eta
zuk «hartzazu seme»
orain artean behintzat
berdindurik gaude.
A.
Munduan jokatzeko
sutsu eta oldar
ba ote dadukazu
uste hainbat indar.
Atzeratuko zara
oraingoan azkar
osatu badituzu
paretara hamar.
S.
Zuk ez pentsatu arren
semeak badaki
bizi arazoetan
moldatzen ederki.
Ez nauzu beldurtuko
mintzatuz ozenki,
osatu ditut eta
hamarrak eduki.
A.
Ausartegia zara
gaztearen gaztez
eta gerta daiteke
hori zure kaltez.
Gaur musean zabiltza
nahikoa aldrebes
jokura hiru tanto
zuk eduki ezetz.
S.
Ausarta nauzu bainan
ez ausartegia,
biziari nahi diot
eman aurpegia.
Hiru tanto trabesa
ez da gehiegia
eta eusteko aski
hogeitamabia.
A.
Errege, bi zaldiko
laugarren xota,
zure kartak atera
ni lasai nagota.
Hamaseiren bat tanto
honetan jasota
bertan utziko zaitut
ia-ia jota.
S.
Bi errege baditut
eta hemen daude,
pareak jasotzeko
bada aski lege.
Beste biak bi seiko
honak hauek ere
joku honetan behintzat
semea errege.
|