Bertso berriak soldaduzkari jarriak
Mugerza Goiburu, Joseba
Mila bederatzirehun larogei
eta seigarren urtean
hain zuzen ere maiatzak duen
hirugarren egunean
arratsaldeko seirak dira eta
sartu behar naiz trenean
egia esan bihotz taupadak
somatzen ditut barnean.
Euskal Herritik urrundu beharrak
beti ematen du pena
batez ere soldaduzka bada
ondoren zain dagoena
hegoalderuntz gelditu gabe
gau guztian doa trena
Zaragoza, Valentzia, Alikante
eta azkenik Kartagena.
Geltokira heldu garenerako
gure zain dago jadanik
artalde baten erara denok
hor goaz burumakurrik
kale zatarra eta hezurbeltza
ez dago hemen besterik
halako baten hor ikusten dut
trapu zikin bat-zintzilik.
Itxura denez trapu hori da
koartelan adierazgarri
atea ireki orduko bistan
daude makina bat txarri
barrura sartuerazi gaituzte
ta berehala firme jarri
hain izuturik neure burua
ez dut euki behintzat sarri.
Afaria ere hemen jaten da
normalki baino goizago
ez nukeen ukorik egingo
eman ezkero gehiago
egia onartu beharko banu
janaria hain txarra ez dago
halare hemengo onena baino
etxekoa dut nahiago.
Lotaratu gara halako batian
beraz ez da gauz txarra
egia esan gogoa neukan
eta baita ere beharra
amets batetan ihesi nabil
eta zurruztada edarrak
baina seiretan ohiuka dator
Kartagenako oilarra.
Komunak ere merezi dute
nere ustez aipamena
sarritan leku horra joateko
euki behar kemena
papertzat egunkariak duen
orrialde politena
eta aterik ez daukagunez
bistan daramagu dena.
Halako baten heldu zaigu ba
egun 'garrantzitsu' hori
horrelakoan biltzen da hemen
sasikumea ugari
bandera azpitik pasaerazi
egin digute denori;
hori dela eta egin ditugu
makina bat tontakeri.
Baten ustetan beharrezko da
gizon bihurtu gaitezen
hamaika mozolok oraindikan
jarraitzen du hori pentsatzen
instruzioa igaro dugu
eta aurkitzen naiz pozarren
nahiz soldadutza dena bukatzeko
urtebete geratu arren.
Bertso hauetxek denbora pasa
koartelean einda dagoz
hango egoera azaldu nahian
nahiz izan pena edo poz
oraingo honetan Mutriku aldera
bidaltzen ditut nik gogoz
jendeak gure berri izan dezan
eta parte hartzeko asmoz.