Udaskeneko Marixabel
Manterola, T.
Udaberriko euria degu
fina ta maitea erruz,
lurra berriro bizitutzen da
hila bait zegoen neguz.
Hola ni ere ibili nintzen
neskatxa bati erreguz,
aldegin zidan ta gogoan det
hona bertsook hari buruz.
Ezautu nuen Donostiako
taberna baten zuloan,
lagunak zitun inguruan ta
hantxe geunden gu alboan.
Elkar begira gelditu ginen
zerbait sentituz kolkoan,
zerbeza hartzera eramango ta
hitzikan ez nun ahoan.
Egunak pasatzen dira azkar
zerbait dutenean bitxi:
Miren Ixabel izena zula
jakin nuen, ez zen gutxi!
Beraren bila ibili nintzen
-ez zedin neretzat itxi-
elkartutzeko eguna ez zen
nahi bezain pronto iritsi.
Mozkortu ginen, ohi den bezela,
hola da gure izakera,
bustitakuan leguntzen zaigu
amodiozko hizkera.
Eskutik heldu, musua eman,
bixitasunean gera:
«Hoztu baino len -galdetu nion-
jungo al gera ohera».
Ez dizuet esan, ibili ginen
maitasunaren partean.
Ta ez det esango zer egin genun
gure maindire tartean.
Azkenerako galdetu zidan,
euzkia zen goizaldean,
«zenbat denbora galdu ote degu
elkar ikusi artean.»
Maitasuna da ibar ertze bat
beti daukana gandua,
hilko ez bada gelditu gabe
izan behar da landua.
Hastean «gero» hitza ez dago
baina gero berandu da,
ohartu orduko nahi genun hura
izaten degu galdua.
Egun batean Marixabelek
kendu zidan bere grazia,
neska batekin arrejuntatuz,
txikituz genun guztia.
Esaten,zuen «Gazte naizenez
bizi ein behar det bizia».
Ni geza baldin banintz bezala
eta bizitza gazia.
Azkenekoan bi hitz bakarrik
bate gorrotorik gabe,
min ein zenidan, ez du inporta,
bueltatu zaitez halare.
Lore batetik bestera ibiliz
sakondu gabe bat ere,
sekula santan zure barrena
ez da geratuko bare.