Betiko teman
Manterola, T.
1.
Mila beatzireun larogeita lau
urte zoritxarrekoa,
etsaia nigan banu bezala
erreta daukat kolkoa.
Abertzaleak zatiturikan
ahaztu dugu urkoa,
sure anaiai, piztik bezala,
sartzen diogu mokoa.
2.
Amets gaixto bat izandu nuen
orain dela zenbait egun,
zakurren modun han hil zituzten
gure herriko sei lagun.
Beltz hartatikan, dena kolorez
-ametsa amaitu dezagun-
boto eskean politikoek
hitzegin digute leun.
3.
Aspaldi hontan esaten dute
gu garela terrorista,
herriak pakea nahi duela.
botatzeko! beren lista.
Etxeko gerran ez naiz sartuko
zarra ta euskalduna naiz ta,
esango nuke edozein itsuk
hobea duela bista.
4.
Madrilen lagun asko dituzte
Gasteizko agintariak,
hemen bertako diruak hartu
ta han egin bazkariak.
Horra non diren inpuestuak ta
horra non gure izerdiak:
gastatzen dute propagandan ta
agertzen egunkarian.
5.
Handikan gero etortzen dira
harroturikan ilea,
esanaz «ez ezazue pagatu
inpuesto iraultzailea».
«Horri ez eman -esaten dute-
hori duzu gaizkilea»
Komentu baten ezaguna da
noren menpe den frailea!
6.
Aberats denak izaten dira
agintariaren alde,
pobreak behintzat jakiten dugu
zeinek egin digun kalte.
Halare erdi-mailako askok
sekula ez du e(g)in galde:
Zergatik mundu aldrebes hontan
bizitzen den hain debalde.
7.
Jakin zazute ardi galduok
non dagon gure otsoa,
euskaldun zintzo denon artean
ematen baitu usoa.
Artaldetikan ez ihes egin
han ez da belar goxoa.
Etsaiak ardi larruz jantzirik
engainatzen du gaixoa!
8.
Guraso onak sartu zituzten
gerra beltz larri batean,
hura galduta bueltatu ziren
burua makur atean.
Haiek guztiek garbi dakite
ez gaudela gu pakean,
horregatikan jarraitzen dugu
haiek utziko katean.
9.
Nik ez nuke nahi nere semeek
egunen baten negarrez,
galdetutzia sukalde-hondoan
hizkuntza arrotz ederrez:
«Aita zergatik ez zenun egin,
artean zinen indarrez».
Gaur eiten denak iraungo du
eta bihar ein behar ez!
10.
Madril ta Paris dira arrotzak,
gure herria euskalduna;
Gure Etxera ailegatzeko
bidea da askatasuna.
Baina erdian goardia zibilek
daukate kontrol iluna:
Indar eginez lortuko dugu
Herria ta Batasuna.