Euskaldun anaiez
Lekuona, Michel
Amaztoi Meakarra, zu hoin "penatua"
Arrangura daukuzu hemen agertua
Euskal anaiendako egin ostatua
Etsenplu tzarra zautzu, ezin onartua.
Nago zure baitarik ote ziren ari
Ala bertze norbaiten marro aintzindari
Ez naike ixil egon piltzar bat iduri
Ikusiz zure tua euskaldungoari.
"Estranjera" daukazu euskaldun anaia
Herriz-herri dabilan bake-gudaria.
Libertatea galdez egin eskaria
Noiz izan da bekatu edo tzarkeria
Herriko gizon gisa ez mintza bakarka
Herrien baitzirezte zurekin hameka
Zuk segurik ez duzu zeren espantuka
Azken ttottoa duzu, ta hura erdizka.
Euskaldun anaieri ateak hestea
Herri-gizon batentzat zer egitatea
Zuk egin behar hura nihauk egitea
Ez daukat desohore, bai karitatea.
Urte-saria baitut errana pagatzen
Ez duzu izartzerik hemen nor den sartzen
Bakotxaren etxea dut errespetatzen
Errespetu bera dut ordainez galdetzen.
Apez etxe huneten sartu da gudari
Azken gerla denboran gauaz ihesleri
Lan hori ez zitaken gustatzen denari
Gero bai ohoreak egin lanen sari.
Orduan on zen lana orai ez bekatu
Euskal-Herriak badu kopeta goratu
Bere seme guziek behar zerbitzatu
Ez egon bazterrretik mutur edo mutu.
Ama Euskal-Herria dago zauriturik.
Bere semek baitute ukatzen lehenik
Odolaren mintzoa harrian itorik.
Badugu ikasteko Xalbadorren ganik.
Orroit zirea nola joan den azaroan
Urepelen izanik lau lagun otoan
Xalbadorren omenez euskal su beroan
Nere bizi guziko sartu zait gogoan.
Euskaldunen artean zer egun goxoa
Han bildurik baitzagon Euskadi osoa
Han euskal odolaren adi zen mintzoa
Geroztik zorgaitzez aurtengo martxoa.
Suminduz erranari ez diot kasurik
Euskaldungoa ez dut hortaz ukatzerik.
In ahal eginen dut nik nere eldetik
Euskal-herria nahiz azkar eta zutik.
Egiazko estranjer hemen badabila
Beretzen dituztela lur eta etxola
Makeako gazteak kanpo doazila
Hori dut nere "pena", hortaz dut axola.
Diru poxi baten truk salduz bere Ama
Ber denboran uketuz euskaldun arima
Hola ez da goratzen euskaldunen fama
Batzun galdukeriak hobirat darama.
Zorionez ez dira denak holakoak
Badira ere onak, odol berokoak.
Euskaldun seme zintzo bihotz haundikoak
Hemen izan direnak ziren holakoak.
Erran beharrak erran dezagun burura
Zuk nahi duzunean biak joanen gira
Horien agurtzera Donosti aldera
Euskadiren bihotza jotzen entzutera.
Buruzagitza ez da bakarrik ohore
Berekin uztarritzat badu eginbide
Euskaldun agertzeko ez egon herabe
Denak zintzoki joka berexgorik gabe.