Gazteek suerte, zaharrak fuerte
(Leintzko bertsolari)(?)
Gazteak ba omen du
hamaika birtute
Leintz bailaran ere
hala uste dute
zaharrok, gaba bateko
txalo denen truke
hori hola ote den
jakin gura geunke.
Gazteak eskoletan
bertsotan ahalegin
gero exitoekin
harro ta atsegin
horra DESAFIOA
gura ba da egin
onenak zeintzu diren
garbi geldi dadin.
Leintzen gaituzue
hamar gizon trebe
lehengo «berezko» zaharra
dugu gure lege
eta ustez ba dugu
nahikoa podere
gazteak onak dira?
baita zaharrak ere!
Geu gehiago garela
goaz frogatzera
ez ba duzue behintzat
egiten atzera
hil honetan etorri
baldintzak jartzera
San Migelenean gu
zai egongo gera.
Jarraipena emanda
esandako horri
jarri behar zarete
estu eta gorri
arren ken itzazue
muki eta zorri
gutxienez apainduta
neurtzera etorri.
Izartzelaia, Felix
Goikolea gaina
Sarasua anaiak
ta Ritxar bikaina
Arantzazu Loidi ere
hortxe dago baino
ezetz izan zaharren
ekipoa aina!
Sarasua omen da
mutil mundiala,
beste onik egongo
ez balitz bezala
bertsozale jendeak
hau-jakin dezala
eskolakume horiek
aina bagerala.
Epaiak izango du
bere lan jarduna
gazte ta zaharretatik
lau edo hiruna
hau da desafioa
egiten duguna
zuen esku uzten da
toki ta eguna.
|