Etxegiña eta euskal ohiturak
Alberdi, Andres
Motibo hau dela-ta
hasi naiz kantari
leihoa irekitzen
nire bihotzari;
Etxegiña guria
hartzen dut gidari
kantatu behar diot
aitona handiari
Omenaldia modan
dagola jarria
askori diet entzun,
hauxe da larria!
Zuretzako, ordea,
ez dut nik harria,
loreztatu baituzu
gure Euskalerria
Larogeika urteak
dituzu gainean,
betaurrekoak eta
makila aldean,
txapela seinaletzat
mantentzen soinean,
gure euskara zaharra
beti ezpainean.
Makina bat urtetan
alaitu auzoa,
Santagedetan, berriz,
herri bat osoa.
Entzutea guretzat
oso zen gozoa;
noiz topatuko dugu
zu bezalakoa
Lendabizi Ermua
ta gero Arrate,
Elgoibarren antzera
oso zahartu arte.
Zure abots zoliak
bihotzez aparte
irikiko zituen
hamaikatxo ate.
Munduan teknika da
orain aintzindari,
dirua eta indarra,
muxin animari,
euskaldunaren jite
ta izateari,
hola jarraitzekotan
agur euskarari.
Euskararik gabean
arriskuz geroa,
herriari ukatzen
baitzaio erroa;
baldin ez bada hartzen
gogoa sendoa
txoriari kentzea
berezko hegoa
Auzia latza da-ta
geroa nahiko beltz.
Herriaren arnasak
irabazi baietz!
Bertsolarien senaz
dezakegu berrets.
Egin dezagun, bada,
bertatikan amets.
Elgoibarko Izarra
ari da lanean,
bertsolari eskola
zuzpertu nahiean;
maisu falta dela-ta
daude beharrean,
han nahi zaitugu, German,
gazteen artean.
Jainkoaren zai zaude
noiz deituko zaitun,
zure bertso saioak
hark ere ditu entzun;
amaren magalean
edostu zenitun,
izan bitez guretzat
betiko oihartzun.
|