Errebala, lehen eta orain
Kostitxiki
Bertso saio eder bat
egiteko nahia,
«lehiaketa» itxuran
genuen bataia.
Paperean ezartzen
beharko da saia,
baserritik kalera
jarririk talaia.
ERREBALA, zu zaitut
gaurko kantu gaia.
Azkoitiko herriko
kale bat izatez,
Hiru-iturrin hasten da
esaten dutenez.
Urola dakarrela
albotik marmarrez,
Izarraizko aldea
hartzen du afanez.
Santa Klara gainera
babesa emanez.
Trokotxo ta Baroiko
zelai ta behiak,
beste batzuk txabola
ta animaliak.
Badira etxe zaharrak,
badira berriak.
Nahiz ta kalean izan
bizitza oinarriak
ezin esan direla
kaletar guriak.
Txikitako kontuak
datoz niregana,
aski aldatu baita
hemen panorama.
Kittarraneko hortan
zegon aduana,
gero nagusitzen zen
Piotarren klana.
Errebal pasatzea
ez genuen broma!
Santa Klara maiteak
ez ditu inoiz utzi,
pekatuan kristauak
ez ditezen jauzi.
Don Jose Maria zen
etxe hartan nagusi.
«Aingeru» bat lenengoz
han nuen ikusi.
Ziriza kanpantxila
habito ta guzi.
«Materixen» bagenun
«perixe» galanta.
Txerri kurrinka edo
txakurraren zaunka,
baserritik txahalak
marru eta kaka.
Etxaluzi ez zion
egingo ez hanka,
puntilaz ezin bazen
porrarekin kanka!
Lenengo aldiz tabernan
da hara nolatan:
txahala matarira
eta handik bueltan,
Azanekoek zuten
Taberna zahar hartan
Aittarekin batera
gizon koxkor plantan,
hamarretako ederra
egin genuen bertan.
Oraindik hor dabiltza
baziren bi tipo,
materian estalpe
koltxoi ta lapiko.
Ez izanagatikan
oso katoliko,
nazionalitatea
eman eta kito!
Errebaldarrak dira
BONBA ta KIRIKO.
Disputa bat badute
ta, hara zergatik:
Errebalik ez dela
gora San Josetik.
Bertakoa ez naiz da
epaituko dut nik.
Nahiz autentikoenak
Santa Klara aldetik,
denak edaten dute
Uxerko uretik.
Elkar ezagutzeko
lekua eskola,
haiek ta gu batera
gauza, hara nola!
Zeozer ikasiak
jokatzen futbola,
errebaldarren kontra
Larrainan aproba.
Denak talio zuen
hanka edo bola.
Etsaien hankapean
gure Euskalerria,
elkarrengana bildu
ginen gazteria;
batzuk eskaini zuten
zeukaten guztia.
Gogoratuta ere
nolako arrabia!
Peru lagunak hantxe
galdu zun bizia.
Beste norbaiten falta
egun da nabari,
gure Kepa baizuten
kaiolan ezarri.
Hauxe litzake denon
zinezko nahikari,
txori bat gehiago izan
auzoan kantari.
«Errebalau baitu hark
bere urrezko kabi.
Beraz, ez badu honek
orduko tankera,
kale ta baserrtar
gaur ere batera.
Azaneko tabernan
lengoen antzera,
orain soziedadean
elkartzeko era
jan da edanak ezik
BERTSOAK GAINERA!
|