Donosti inguruko bide berriak
Kortara
-1-
Donosti inguruko bide berriak
Errera'tik du asiera,
auzo ontako eliz ondotik
Añorga'ko «Inpernura»;
tarte orretan mendiak zear
ta Loiola'tik aurrera,
bañan ara baño lenago
«illerria» pasa bear-da.
-2-
Eliza ta «Inpernu» tartean
dijoa bere egoera,
kontuz ibilli bide orretan
ta ondo egin jokaera;
eliz ondoan gogoratu
degula bizi bat bakarra,
Kanposantuari agur egin da
segi Añorga'tik aurrera.
-3-
Bide berria ondo datorkio
Donosti ederrari,
lasaitasuna emateko
dirua dun jendeari;
ta orretarako etxeak bota
Errera'n bizi diranari,
nai dutena ordaindu eta
kezkak banatu ugari.
-4-
Sendi askotan kezkak ugari
sortu dira ori dala-ta,
bizi modu berria eratu bear
beste tokira aldatu-ta;
askoren ongarri izateko
dagola erabakita,
bañan iñoren kalte gabe
egin ziteken konponketa.
-5-
Bide berria osatutzeko
gogor lanean ari dira,
burni bidea ere aldatuz
lengo tokitik eskubira;
andik aurrera mendipetikan
Gaiztarro'ko lurretara,
Topo gañetik, kamio azpitik
dijoa bere egoera.
-6-
Errera inguruak oraingotikan
zearo aldatuko dira,
bideak alde guzietako
bada emendik dute asiera:
ibiltzeko erreztasunak
joateko no-naira,
kale tarteak igaro gabe
egin liteke ibillera.
-7-
Orain beste bi bertso dijoaz
aurtengo jaien gañean,
Donostik asko kobratu, eta
Errera'ri gutxi eman;
eta orretan jai antolaketa
ezin aurrera eraman,
ta erriari eskatu bear
nai baditu jaiak izan.
-8-
Nola nai ere adiskideak
opa dizuet biotzetik,
urtero bezela aurten ere
zorionak nun-naitik;
Koldobika Donearen izenean
ta beta ospatzeagatik
ill onen ogeitabatean
izango diran jaiagatik.