inprimatu
Artzaiak
Izenburua:
Artzaiak
Sinadura:
Iztueta Kortajarena, Jose Migel (Lazkao Txiki)
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Iztueta, Joxe Miel

Argitalpena:
Zeruko Argia.
Urtea:
1986
Argitalpenaren urtea:
Alea:
1116.zk.
Orrialdea:
47

 

 

 

 

faksimilea ikusteko


Artzaiak

 

Lazkao-Txiki

 

 Menditarra naiz eta gogoan

 beti izan det artzaia

 eta badaukat bere bizitza

 pixka bat berritu naia

 ardiak ditu bere lagunak

 nola aste ala jaia

 horixe degu guraso zarren

 bizibideen sustraia.

 

 Gure aurreko guraso zarrak

 Euskalerrian aurrena

 ehiza zutela bizibidea

 eta artzantza urrena

 hola da behintzat orain arteko

 historiak dakarrena

 artzantza zala euskaldun zarren

 bizibiderik zarrena.

 

 Orain bimila urteko gauzak.

 berritzen hasten bagera

 orduan ere artzaiak bizi

 ziran oraingo antzera

 arkume batzuk lapuan hartu

 saltoka Belen aldera

 lenen artzaiak iritxi ziran

 Jesus ona agurtzera.

 

 Gizonarentzat bizitza latzik

 baldin balego munduan

 iruditzen zat artzaiarena

 izango dala neguan

 ardilarreak elurrarekin

 estaltzen diran orduan

 esaten zail da artzai maiteak

 zenbat sufrituko duan.

 

 Ardi batzuek ume minetan

 trumoia ta kazkabarra

 oia utzita ardiengana

 derrior jeiki beharra

 hura ardien marrua eta

 hura arkume negarra

 dudan jartzen naiz kartzela ere

 ote leiken horren txarra.

 

 Goiz ta gauetan ardia jetxi

 eta ondoren larrera

 ile haundiko zakur zatar bat

 doa barruti ertzera

 barrutiaren ertzean dabil

 batera eta bestera

 erositako barrutitikan

 inor ez dadin atera.

 

 Txakur gaixoa pin dabil baina

 mugan ezin errenditu

 naizta tartean ardi batzuek

 hanketatik herren ditu

 nagusi jaunak ikusi nai ez

 txakurrak ezin gelditu

 danik artzairik onenak ere

 pikardi hoiek baditu.

 

 Negu guztia igaro dute

 udaberrira begira

 dunbak erantsi ardieri ta

 badijoazte mendira

 hemen hainbeste alanbre eta

 muga ez dagon tokira

 artzaiarentzat zorion edo

 egun onenak han dira.

 

 Garagar hila inguru edo

 berotzen hasten danean

 beren ardiak mozten dituzte

 mendiko auzo lanean

 euren artean zaputzik edo

 haserre ez-daudenean

 alkartasuna haundia baita

 mendian eta kalean.

 

 Dibertitzeko aukera asko

 ez dadukate gaztetan

 dantza tokia berdina baida

 igande edo astetan

 inoiz etxolan aste osoa

 hilabetean bestetan

 azkenerako ia bakarrik

 hasi beharko hizketan.

 

 Amets eginaz ikusi behar

 Benidor aldeko plaiak

 bainan mendiak ere baditu

 toki polit'a alaiak

 ardiak antzu gelditutzean

 gure mendiko anaiak

 hortxen dituzte urte guztiko

 oporraldi edo jaiak.

 

 Artzaien bidez hornitzen dira

 jatetxe askotan maiak

 izanez ere onak baidira

 ematen dituzten gaiak

 zikiro eta arkume goxo

 gaztanbera ta gaztaiak

 gehiago maite behar ginduzke

 ardiak eta artzaiak.

 


inprimatu