Kopla libreak hauteskundeen motibuan
Izagirre, Koldo
1
Atzo heldu zen
estatuko eskuindarren liderra
oposizioaren buruzagia
-behin esan zuen berak ere
euskal odola zeramala zainetan-
kazetariak bildu ditu
hotelean mahai inguruan
kanapeak eskaini ditu
jendetasunak agintzen duenez
Francoren ministro izanak.
Atzo heldu zen
gobernu sozialistaren zenbait buru
herensugea hegan
aingeruenak ez balituzte hegalak
herensugea hegan
Madrideko alkatea ere
bildu dira mitinean
mila txalojole.
«Muturrek elkarri musu
damaiotelakoa egia da noski»
dio irrati-kazetariak
Barakaldon mitin bana egin baitute
poliziak Gasteizen
hainbat langile zanpatu hil ere
zituenean Francoren
barne-arazoetako ministroa
zen demokrataren koalizioak
-odol euskalduna darama eskuetan-
bildu dira zineman
bostehun eustaile
ugariak dira uztak banakak langileak
eta herri langilearen botua
eskatzen duen batasunak
bildu dira futbol-zelaian
lau mila partaide.
Oraingoz
-diote komunikabideek aho batez-
hauxe da herri langilearen botua
eskatzen duen batasunak
egin dituen mitinetatik
jende gehien bildu duena.
2
Diote:
Pakeagatik!
Baina beren pakea
beraien gerraren haurra da:
zikina.
Diote:
Aurrera jarraitu behar dugu!
Baina ez azkarregi:
ez dute bidegurutzera heldu nahi.
Diote:
Euskadik badu irtenbidea!
Baina Euskadiren irtenbidea
ez daukate beraiek.
3
«Euskara azkartzearen alde nago»
dio Españako alderdi,sozialista
langilearen lendakarigaiak
erdaraz
«baina gaztelania zanpatu gabe».
pakezaleak gara
ez dugu bormakeriarik onartzen
pakeagatik erdaraz.
Betiko ezezagunek
terrorista bat hil dute
Frantziako hegoaldean
Ipar Euskal Herria diote zenbaitek
denek deitoratu dute
heriotz berri hau
gobernu sozialista indarkeriaren
aurka dago
ez dugu bortxakeriarik onartzen
nonahitik datorrela ere
erdaraz.
Terrorista zenaren argazki bat
argitaratu da:
korrika doa
zure azken metroak
korrika azkartzeko euskararen abiada
ehun metro
euskaraz.