Ama euskaldun askoren zabarkeria
 
Iturralde, Joxe Mari
 
 Sartzen bagera denda batean 
 egunaren edozein ordutan, 
 entzungo degu honoko hau 
 eta gaiñera askotan: 
 sarreran «egun on» lenengo; 
 ¨cuánto vale esto? urrengo. 
 negargarria ez al da benetan? 
 barkaziorik ez du honek 
 pertson euskaldunetan.
 
 Saio eder bat egin ondoren 
 gaztelera mintzatuaz, 
 badijoaz denak etxe aldera 
 behar dituztenak artuaz. 
 hau ez da gezurra, 
 irteeran euskeraz agurra 
 arrokeriz burua jasoaz; 
 nere begiak hau ikusita 
 bustitzen zaizkit malkoaz. 
 
 Ikastolako ordua baldin bada 
 batzuek dijoaz haurren billa. 
 han berriro osatzen dute 
 egundoko iskanbilla, 
 atearen aurrean
 erderan jo eta kean. 
 honek dirudi Kastilla.
 Ena askok merezi ez al dute 
 astindutzea makilla?
 
 Hor dijoaz beren haur hoiek 
 eskutik dituztela;
 txikiei euskeraz hori bai, 
 beren artean bestela, 
 nai badezute barkatu, 
 bainan nik ezin onartu 
 ain espiritu ustela,
 hamaika erru gutxiago dutenak 
 sartzen dituzte kartzela. 
 
 Amak ejenplorik emanezean, 
 artu al lezake inor gogor? 
 hemen pekatua dudarik gabe 
 gurasoengandik dator.
 jaso dezagun hizkuntza 
 erortzeko ez bultza, 
 jokatu dezagun jator, 
 amak sorrera eman ondoren 
 bere hezkuntza dio zor. 
 
 Euskara galduko ote zitzaigun 
 garai baten gendun etsi, 
 askatasun apur bat izan gabe 
 nolabait diogu eutsi,
 eta gaur gauden aroan 
 ikastolak etxe ondoan 
 nik hau ezin det sinetsi, 
 haurrak ikastolara eraman da 
 berak mintzatzea utzi.
 
 Denak ezin ditut berdin epaitu 
 bainan zori txarrez asko 
 euskalduna naiz esaten dutenak, 
 gero euskarari uko,
 egitazkoa bazera
 ez baztertu euskera;
 guk hain degu beharrezko 
 gaur edo bihar herri bezela 
 nortasun bat izateko.
 
 Barka zazute gaur sartu banaiz 
 deitu ez didazuten tokira 
 bainan biotz euskaldun baten 
 taupada larriak dira,
 burua ote zait arindu? 
 mingaiña ezin det isildu; 
 iritxi naiz hain une larrira, 
 kalean arrotza sentitzen naiz 
 eta banoa ni mendira.