Bertso berriak Bilbori jarriak
Iņaki - Jon
Bilbo hiria gaitzat hartuta
hiru lau bat bertso berri
Lasa ta Aurtek jarri dituzte
hitza emanda elkarri.
Domeka goizez, ohitura den lez,
Plaza Berrira etorri
hemen ez dugu inor jango ta
umeak ere ekarri.
Bigarren hontan eman ditzagun
bilbotarren seinaleak:
edatun onak, jatun hobeak
eta kuadrila zaleak;
kandela gabe ibiltzen diren
farol argiegileak,
mundu osoan ezagun dira
Botxoko Zazpi Kaleak.
Debilidade hauxe daukate
gura baduzue jakin
itsuak dira futbol kontuan
beren Athletic horrekin.
Irabaztea gertatzen bada
paittarrari fuerte ekin
mozkor galantak hartzen dituzte
galtzen badu ere berdin.
Garai bateko Bilboko urak
izan zuen patentea
gustuak eta burbuja haiek
txoratzen zuten jentea.
Ibaitik hartu, botilan sartu,
txorkoa jarri tentea;
gaurkoa berriz gustuz ezberdin
kolorez diferentea.
Atso bakoitzak bere txakurra
hori ez dadila falta!
Batzuk katetik, besteak solte
zer ikuskizun galanta!
Udaberria hasi orduko
daude ozal edo alta,
lotsarik gabe kale erdian
arrak emeari salta.
Jaietan berriz kaleak bete
nahiz zahar eta nahiz gazte
ahal baduzue Abustu aldean
hona hurbildu zaitezte.
Edari onak, Bilboko ura,
kalimotxo eta beste
gero berriro zutitu arte
ohean pare bat aste.
Ostiral gauez festa giroa
Bilboko Zazpi Kaletan
behin hamabiak heldu ezkero
ezin sartu tabernetan.
Musika Rocka, kubalibreak
pentsamendua bragetan,
goiz alderako azaltzen dira
total eginda benetan.
Neska ta mutil, denen artean
izugarrizko korrua
batzuek salta, besteak kanta
zarata eta orrua.
Modan dagonez, zigarrorik ez
erretzen dute porrua,
erabiltzeko ez baldin bada
zertarako da larrua?
Kronika hontan astindu dira
Bilbo aldeko bazterrak
langile gutti aurkitu dugu
Ia gehienak alperrak.
Udaberrian Kukuak jo du
Udazkenean Eperrak,
oraindik behintzat mantentzen gara
Umoreari eskerrak.
***
Afinatu ditzagun
arpa ta gitarrak
agur bilbotarrak!
hona ekarri gaitu
aurretik Iparrak.
Ximinia haundiok
ikuitzen izarrak
aberatsen fabore
pizturik su-garrak,
noraino heltzen dira
Bilboko indarrak?
Bilbori begiratuz
ikaratu nor
ez entzun hau mesedez!
bizimodua hemen
ez daukagu errez.
Ez da ezer ikusten
zulo hontan berdez,
arbolarik ba al da
aldez edo moldez?
kea irensten dugu
haizearen ordez.
Bilbok berotu ditu
hamaika tartera
eta faltrikera
bestela begiratu
Neguri partera.
Bizkaiko txoko hura
lapurrez bete da
zikin guztiak bildu
zaizkigu batera,
nolako jendea den
kontuak atera.
Goiko Kale horretan
ba dira lagunak
andre jakitunak
izen gabeak dira
haien ezagunak.
Gizon bakarti edo
besterik ez dunak
Bizkaiko mutil zahar
eta alargunak
han bukatzen dituzte
parranda egunak.
Zure gogoa bada
zerbait ikastea
ikasle gaztea
luzaro egon gabe
mugitu zaitea.
Letra Fakultatean
hartzeko partea
aukera bakarra da
sotana tartea
diruak zabaltzen du
Deustuko atea.
Hamaika jokalari
ba dabil kaletan
eta ez txantxetan
maisuek bezalaxe
dakite berbetan.
Mila pare bat pezta
hartzeko ustetan
atzetikan beste bi
kartera bilketan,
laster sartzen dizute
eskua praketan.
Zer txakur dotoreak
diren hemengoak
haundi ta sendoak
engrasatzen dituzte
arbola ondoak.
Zapatak lustratzeko
berriz mokordoak
ongi begiratuta
luzatu zangoak,
pila txikiagoa
egiten du mandoak.
Hogei garren mendeko
larogei ta bata
bertso zalaparta
Bilbo iratzartzeko
egin dugu karta.
Elegante jantzirik
trajeaz korbata
gaur azaldu zaizue
bikote aparta
egiak esan dira
zirti eta zarta.