Amodiozko lore bat nahi nuke eskuartean
Ibarrezkerreko, Alexander
Aspaldionetan amodioak
naukalako guztiz ero,
bertso hauek paratzen hasi naiz.
alai egonen naiz gero,
bihotza larri, arima ilun,
erdi galduta egunero,
desirak handi, bizitza pobre,
artega, bat ere ez bero,
egun batetan lortuko ote
bikin bat egin'ta ez zero.
Euskara ederraz bertsokantari
erabaki dut jitea,
senditu itxaropenak oro
on baita erakustea,
euritzarrak etorri orduko
ohaideak izatea,
zure gorpuzkeraren beroaz
tristeziaren urtzea,
gure lore hau ihar ez dadin
elkarrengana biltzea.
Arrats hartan zurekin egona
badakit zer den plazerra,
musu bat eman zenidanean
irrista ezin gainera,
zeure azal leun beltzaranaz
enea ferekatzera
pasa zinenean, bihotza
zoakidan lehertzera,
halakorik maiz ezagutzeko
ez dut nik ukan aukera.
Nire gainera etzanda eta,
dardarez eta izerdiz,
gorputzak jori, sendo lotuta
lur honetatik ihesiz,
zorion, plazer, nahikeriez
geunden atseginez erdiz,
zure arima zen nire argia
maitasunez ilunerdiz,
bularrez, ankez, besoez eta
biok elkarren jauretsiz.
Anbotogaina bezalaxe zen,
haizetsu, eder'ta malkar,
laket, leun eta atsegina
gorputzek loturik elkar,
ibai ur haunditako batetan
izerdia ez zen hondar,
amodioaz blai nahasirik,
ondokoa zen gure izar,
zu berriz bertan sumatzearren
egonen nuke bai bizar.
Parada hura joan eta gero
ez zaitut baina ikutu,
nahikundea izanagatik
maitasunak zu ikutu,
lar loturik uzanen zarela
beldurrez duzu asmatu,
ez el daukazu askatasuna
inori saltzeko ezkutu,
hemendik aurrera bakarrik zuk
nahi bizitza burutu.
Bertso honetaz agur eginez
banoa kontsolakabe,
esperantzak gora dauzkadala
egia baina herabe,
egun batetan zu erakartzeko
sufrituko atsekabe,
horrelakorik gerta dakidan
apurtuko mila habe,
elurra legez zara niretzat
guri, bigun eta labe.